"Basoko aitona" emanaldiarekin, Muxurbilen lanketa oholtza gainera

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 16a, 12:12

Urtarrilaren 4an Santuenean eta igandeko Santo Tomas Azokan ikusiko duzue Ixabel Agirresarobe herritarra, gerturatu nahi duten haur nahiz helduei irudimenaren munduan murgiltzen lagunduko diguten ipuin kontaketa saio liluragarriak eskaintzen. Usurbildarrak ordea, badu antzerki eskola bat baita, Hodei Unzuetarekin batera; Muxurbil izenekoa.

Oporretara joan aurretik, hilabeteotan lantzen aritu diren antzezlana taularatuko dute larunbat eguerdi honetan, 12:00etan Sutegiko auditorioan. Emanaldirako sarrera doakoa izango da. Sarrerak, ordu erdi lehenago, 11:30etan banatuko dira kultur etxe atarian.

“Basoko aitona”

Hala izena du, Muxurbil antzerki eskolako kideek larunbat honetan eskainiko duten antzezlanak. “Baso batean bizi den aiton batek, bertan zer gertatzen den kontatuko digu. Muxurbileko kide denak basoko parte dira. Ipuin batean oinarritua dago”, aurreratu digu Ixabel Agirresarobek.

5-16 urte arteko haur eta gazteekin lan egiten dute Muxurbilen. Oso gustura gainera. “Txikienek DBH 3-4koak handiak ikusten dituzte eta haiekin lanean aritzea pozgarria da umeentzat. Handienei txikiek grazia egiten diete. Oso gustura ari gara”, dio Ixabelek.

Haur eta gaztetxoekin aritzen dira antzerki eskolan, baina bilgunea adin tarte gehiagotara zabaldu nahi dute. Helduak ere erakarri nahi dituzte antzerki eskolara. “Ia helduak animatzen diren. Nahi duenak ikus dezala larunbateko emanaldia, eta urtarriletik aurrerako saioetarako izen eman dezala”, luzatu du gonbita Agirresarobek.

Trebetasunetan hezten

Ikasturtea, ekainean eskainiko duten antzezlana sortzen igarotzen du Muxurbilek, baina antzezlana trebetasun ezberdinak lantzeko bitartekoan bihurtzen da. “Ikasturte hasierako hoztasuna eteteko lanketa egiten dugu. Eskenatoki gainean aritzen dira. Erritmo, adierazpen eta bestelako gaitasunak lantzeko jolasen bidez, sormena lantzen dute eta eszenatokian publikora begira ari dira lanean. Azkenean jendaurrean gauzak egitera ohitzen dira”, dio Ixabelek.

Argitu nahi duten kontu bat; antzerki eskolako kide izan arren, jendaurreko emanaldietan parte hartzea ez da derrigorrezkoa. Publiko aurreko saioek, “batzuei ilusio handia egiten die, beste batzuk larritu egiten dira. Zorionez, gero bertigo hori kentzen zaie eta ez dute esaten jada antzezlanetan ez dutela parte hartu nahi. Hasieran larritzen direnak konturatzen dira, batzuen eta besteen gaitasunek balio dutela, denak balio duela, eta antzekotasunak dituztela. Erosoago eta taldeko parte sentitzen hasten dira orduan”, dio Ixabelek.

Antzerki eskolako saioak, larunbatetan

11:00-12:00 5-8 urte artekoentzat.

12:00-13:00 8-12 urte artekoentzat.

13:00-14:00 DBH-ko ikasleentzat.

Oharra: adin tarteak gutxi gorabeherakoak dira. Saioak, bake epaitegi atzeko eta Etxealdiko lokaletan izaten dira.

Antzerki eskolan izen eman edo informazio gehiagorako: muxurbil@gmail.com edo 675 712 383 (Ixabel).