Igandeko Santo Tomas Azoka, postuz postu

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 16a, 12:34

Abenduaren 20rako NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko azokara gerturatzen zaretenok, denetariko postuak aurkituko dituzue. Oraindik aldaketarik egon daiteke, baina honatx Santo Tomas Azokan izango duzuen eskaintza:

Santo Tomas Azoka abenduaren 20an, postuak:

-Sagardo eta babarrun postuak: azokako txapelketetara aurkezturiko sagardoa dastatu nahi duzuenontzat, zerbitzatzen arituko dira Sagardo Egunaren lagunak taldekoak. Eta babarruna berriz, ikusgai.

-NOAUA! Kultur Elkartea: kultur elkarteko produktuak eskugarri izango dituzue postu honetan. Baita noski, NOAUA!ko bazkidetza egiteko aukera ere.

-Txerrizaleok Elkartea: txerrikien postua eta puzgarria jarriko dute.

-Talogileak: eraberritu den taldea talo goxo askoak prestatu eta zerbitzatzen arituko da.

-Gaztaingileak: usurbildar koadrila ezaguna, goizean goizetik ariko dira gaztainak erre eta bertaratzen direnei zerbitzatzen.

-Udarregi Ikastola: ikasleen gozogintza postua ezin falta aurtengoan ere. Postre goxo askoak etxeratzeko aukera izango duzue. Bide batez, baita ikasleon ikasturte amaierako bidaia diruz laguntzekoa ere.

-Nafartarrak: Zuberoako ikastolen aldeko elkartasun kanpainako otarrak eskatu dituzuenok, postu honetan erosi ahalko dituzue. Otarrak unean bertan eskuratzeko aukera ere egongo da. Iaz bezala, zuberotar talde bat dator igandean Usurbila.

-Erraustegia Erabaki plataforma: erraustegian inguruan Usurbilgo Udalari galdeketa egieta eskatzeko sinadurak biltzen ari da bilgunea. Santo Tomas Azokan ere sinatzeko aukera izango da.

-Gure Esku Dago: abenduaren 31rako antolatu duten "Borondateen Kriseiluak" ekimenerako kriseiluak salgai izango dituzte, 2,5 eurotan.

EGITARAUA

Goizean zehar:

-Sagardo eta babarrun txapelketako jaki eta edariak, ikusgai eta dastagai.

-Postu ezberdinak: NOAUA!, txerrikiena, talo eta gaztaingileak, Nafartarrak...

-Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa.

-Txerrizaleok Elkartearen puzgarria.

-Fotokol saioa: etorri NOAUA!ren postura eta atera argazki bat iaz bezala, “Euskararen leihoan”. Trukean, NOAUA!k erosia duen Errigoraren otar eder baten zozketan parte hartzeko aukera izango duzue.

Eguerdi partean, Nafartarrak taldekoen elkartasun kanpaina amaiera.

Ondoren, babarrun eta sagardo txapelketetako sari banaketa eta NOAUA!ren Errigorako saskiaren zozketa.