Emakumeen ahalduntzea sustatzeko ikastaro berria, Udalaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 16a, 12:32

25 bat lagun bildu zituen astearte iluntzean Potxoenean, "Betaurreko (u)moreak: emakumeak barrean ahalduntzen", umoreaz eta emakumearen ahalduntzeaz ziharduen Udalak antolaturiko saioak. "Atzoko hitzaldia oso interesgarria izan zen. Umorea ikuspegi feministatik aztertzeko eta gaiaren inguruan hausnartzeko aukera paregabea izan genuen Idoia Torregarai eta Nagore Uriarteri esker, mila mila esker bioi! Umorea morez koloreztatzen jarraituko dugu, horixe baietz!", antolatzaileen esanetan.

Autoestima eta ahalduntze tailerra

“Autoestimua indartu eta norberaren autoezaguntzan sakondu nahi duten 16 urtetik gorako emakumeek”, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolaturiko autoestima eta ahalduntze tailer berrian parte hartzeko aukera dute. Urtarrilaren 21ean abiatu eta martxoaren 17ra arte luzatuko da ekimena. Saioak genero gaietan aditua den Pepa Bojo psikologo eta psikoterapeutak bideratuko ditu, ostegunero 17:00-19:00 artean Bake Epaitegi atzeko lokalean. Tailerrerako izena abenduaren 18tik urtarrilaren 15era, tarte horretan eman daiteke doan, parekidetasuna@usurbil.eus helbidera idatzita, edo 943 377 110 telefono zenbakira deituta.

Garapen pertsonala eta autoestimua sustatzea, jarrera ez osasungarriak identifikatzen ikastea, genero rolak eraldatzea, gaitasun indibidualak indartzea, eta azkenik, talde kontzientzia, elkar laguntza eta parte hartzea sustatzea dira ahalduntze tailer honen helburu nagusiak.

Autogestioa, independentzia eta autoestimua sendotzeko

“Bizitza osasungarri eta aberats bat izateko, oso garrantzitsua da norberaren burua ezagutzea, zaintzea eta balioa ematea. Emakumeek jaso duten heziketa dela eta, genero mandatuek eragin kaltegarria izan du beraien autoestimuaren eraikuntzan, eredu patriarkalean oinarritu izan baita autoestimuaren eraikuntza. Hortaz, ezinbestekoa da jasotako heziketaren berrikuspena eta hausnarketa egitea, emakumeak ahaldunduko dituen prozesuari ekin ahal izateko”, antolatzaileen esanetan.

Tailer honen bitartez, “sexu/genero sistema aztertu eta emakumezkoen autoestimuaren eraikuntzan duen eragina aztertuko da. Helburu orokorra, emakumeen autogestioa, independentzia eta autoestimua sendotzea da, eta beraien barneko desio, sormen eta senarekin konektatzeko gaitasuna garatzea eta/edo indartzea”.