2016rako ordenantza fiskalak eta egutegia, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 17a, 08:57

Alegazioak aurkezteko epearen baitan ez da erreklamaziorik aurkeztu, eta honenbestez, automatikoki behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak, datorren urterako ordenantza fiskalak eta ordenantza hauen egutegia.

Gogoan izan, 2016rako zerga ordenantzetan igoerarik ez du aplikatuko Usurbilgo Udalak. Hala proposatu zuen gobernu taldeak, eta udalbatzak aho batez hasieraz onartu zituen ordenantzok, urriaren 27an egin zen osoko ohiko bilkuran. Aipatu moduan, alegaziorik aurkeztu ez denez, orain behin betiko onartu dira, Udalak abenduaren 15eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez.

Berrikuntzak hobarietan

Zerga ordenantzetan ez, baina urte berrirako hobarietan bai, zenbait aldaketa txertatu ditu Udalak:

-%95eko hobaria aplikatuko da, "baldin eta eraikuntza, instalazio edo obretan energia aurreztea lortzen bada".

-%90eko hobaria, "eraikuntza, instalazio edo obrek pertsona ezinduen irisgarritasun baldintzak errazten dituztenean".

-%90eko hobaria, "eraikuntzak, instalazioak edo obrak interes berezikoak edo udal onurakoak izendatuta daudenean zirkunstantzia kultural edo historiko-artistikoak izateagatik eta Udalak onartua duen Plan Orokorreko Ondare Katalogatuaren zerrendan, lehen eta bigarren kategorian agertzen direnean". %50eko hobaria, aipatu kategoria hauetako batean ez daudenean.

-%15eko hobaria, "babes ofizialeko etxebizitzekin zer ikusia duten eraikuntza, instalazio edo obrak direnean, subjektu pasiboek aurrez eskaera bideratu beharko dutelarik".

Udal materialaren alokairua

Aldaketa gehiago. Usurbilgo Udalari geroz eta gehiagotan eskatzen zaizkio herritik kanpoko eragile, erakundeen aldetik, beste udalerrietako ekimenetarako mahai eta aulkiak. Aurrerantzean material hau herritik kanporako alokatzeak kostua izango du. 0,3 euro aulki bakoitzeko, 3 euro mahai bakoitzeko. Birjarpenagatik, 10 euro eta 50 euro ordaindu beharko dira, aulki eta mahai bakoitzeko hurrenez hurren. "Prezio sinbolikoak" dira Udalaren esanetan.

Zorren ordainketan atzerapena emateko irizpideak

2016rako zerga ordenantzekin batera, urte berrirako egutegi fiskala ere behin betiko onartu du Udalak. "Helbideratutako agiriak borondatezko epearen azken egunean kargatuko dira zergapekoak emandako kontu korrontean", Udaletik ohartarazten dutenez.

Azken egun horretan edo beranduago, zorrak ordaintzeko atzerapenak eskatu ahalko dira eta. Honatx beste berrikuntza. "Udalak eskatutako zergen subjektu pasiboek beren zorren ordainketa atzeratzeko edo zatikatzeko eskatu ahal izango dute". Atzerapena emateko Udalak irizpide orokorrok finkatu ditu:

-150-1.500 euro arteko zorrak "6 hilabetez atzeratu edo zatikatu ahal izango dira gehienez, beti ere gutxieneko kuota 150 eurokoa izango delarik. Berandutze interesak kobratuko dira".

-1.500 eurotik gorako zorra bada, "edo zatitzeko epea 24 hilabete baino gehiagokoa ezingo da izan inolako kasuan, beti ere gutxieneko kuota 300 eurokoa izango delarik".

2016rako proposatzen den egutegi fiskala

-Urtarrilak 2-otsailak 1: emakida administratiboak.

-Urtarrilak 2-otsailak 1: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (aurreko urteko 4. hiruhilekoa).

-Otsailak 1-martxoak 15: ura, estolderia eta hondakinak (aurreko urteko 4. hiruhilekoa).

-Martxoak 1-apirilak 15: trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.

-Apirilak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 1. hiruhilekoa).

-Maiatzak 1-ekainak 15: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 1. hiruhilekoa).

-Maiatzak 16-uztailak 1: ondasun higiezinen gaineko zerga.

-Uztailak 1-abuztuak 1: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 2. hiruhilekoa).

-Abuztuak 1-irailak 15: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 2. hiruhilekoa).

-Irailak 1-30: espaloian zehar ibilgailuak sartzea (Badoa).

-Urriak 1-azaroak 10: ekonomi jardueren gaineko zerga.

-Urriak 1-31: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 3. hiruhilekoa).

-Azaroak 1-abenduak 15: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 3. hiruhilekoa).

-Azaroak 1-30: bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatiko tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...).

Ezohiko osoko bilkura, abenduaren 23an

Urtea amaitzerako, 2016ko udal aurrekontuak hasieraz onartu asmo ditu gobernu taldeak. Gai honen harira, ezohiko osoko bilkura izango da, abenduaren 23an, 18:00etan udalbatza aretoan.