PSE-EE: “Kontzertua eta Kupoa defendituko ditugu"

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 17a, 12:08

"Ezin dugu Rajoy beste lau urtez jasan eta, ahalmena duen eta proposamenak dituen aukera bakarra, PSOE da, Pedro Sanchez-ekin batera". Hala adierazi digute Alderdi Sozialistatik. Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko harremanak iraunkorra izan behar duela uste du PSE-EEk. Madrilen "Kontzertua eta Kupoa defendatuko ditugu, gure berezitasun eta autogobernu maila altuarekin egingo dugun bezala".

Abenduaren 20an igandea, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ospatuko dira. Hainbat alderdiren  iritziak batu ditugu aste honetako NOAUA! aldizkarian. Aurrekoetan bezala, hauxe da baliatu dugun irizpidea: Udaletxean ordezkatuta dauden alderdietako zinegotziengana jo dugu iritzi eske. Segidan dituzue PSE-EEren hitzak.

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira abenduaren 20an. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

PSE-EE. Ezin dugu Rajoy beste lau urtez jasan eta, ahalmena duen eta proposamenak dituen aukera bakarra, PSOE da, Pedro Sanchez-ekin batera. Alderdi Sozialistak eraiki zuen Ongizate Estatua defendatzeko borrokatzen dugu, egun Alderdi Popularrak eta bere ideologia neoliberalak mugatu izan duena. Sozialistok ekonomiaren suspertze eredu justuago eta solidarioago bat babesten dugu; krisitik irteteko eskubide sozialak berreskuratuz, langabetu guztientzako  prestazio bat lortuz, gazteak etxera itzul daitezen plan bat proposatuz, kontratu kaxkarrak babesten dituen Rajoyren lan erreforma indargabetuz, eta Estatuko aurrekontuetan, Gipuzkoan kalitateko enplegu gehiago sortuko duten enpresa proiektu berritzaleak laguntzeko diru-kopuruak sortuz.

Pentsioen sistema publikoaren defentsan eta bere birbalorazioaren alde lan egingo dugu, Alderdi Popularraren eta Ciudadanos-en kontra, hauek baitira pentsioen plan pribatuak sustatzen dituztenak.

Euskadiko eta Espainiako gobernuen arteko harremanak iraunkorra izan behar du, irtenbideak bilatu  ahal izateko. Euskal autogobernuaren garapenaren alde, bakea eta bizikidetzaren prozesua bukatzearen alde, eta ETAren desagerpenaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Gainera, Kongresuan neurriak proposatzen jarraituko dugu, demokrazia parte hartzaileago eta gardenago bat lortzearren, iruzurrari amaiera emango dion Pedro Sanchez-ek proposatzen dituen 70 neurri onartuko ditugularik. Eta Kontzertua eta Kupoa defendatuko ditugu, gure berezitasun eta autogobernu maila altuarekin egingo dugun bezala.

Beste helburu bat, lanak bukatzea eta Euskadin AVE martxan jartzea izango da, Pasaiako Portuaren funtzio ekonomikoa indartzea, Osasuntsu Zahartzearen Ikerketa Nazionalaren proiektua bultzatzea, Hurbileko Renfe-a, Gipuzkoan MUGI garraioaren tarifa integrazio sistema barneratzea, eta Lezoko plataforma logistikoa.

Kataluniako prozesuak bestelako eztabaidak areagotu ditu. Kupoa, eskubide historikoak, kontzertu ekonomikoa... Zentzu horretan, datorren legealdia funtsezkoa izango dela uste duzue?

PSE-EE. Argi utzi nahi dut, Euskadin autogobernu indartsu bat dugula, bai Katalunian eta Eskozian inbidia sortzen duena. Horrek ez du esan nahi urratsak eman eta zenbait arazo konpon ezin daitezkeenik. Haatik, PSOEk eredu federal batera abiatzeko apustua egiten du, gure berezitasuna bermatuko baitu, eta bide batez, autonomia erkidegoen artean eta Estatuarekiko -honen baitan baitaude- lankidetza, solidaritatea, elkarlana eta adostasuna indartuko du -adibidez, Europako politikak definitzeko-  Espainiako nazioaniztasun izaera aitortzen duen eredu federal bat eta gure eskumenak babestuko dituena.

Globalizatutako mundu batean bizi gara eta subiranotasunak partekatuta daude, eta erabakiguneak toki askotan daude. Baina honek ez du ezer ikusirik Euskal kupo eta kontzertuarekin, eta Euskal sozialisten eta Pedro Sanchez-en ikuspuntutik, behintzat, zalantzan jartzen ez den errealitate bat da.

Argazkian, Alderdi Sozialistako hainbat ordezkari eta Odon Elorza, Kongresurako PSE-EEren Gipuzkoako hautagai nagusia.