EAJ-PNV: “Datorren legealdia oso garrantzitsua izango da gure eskubide historikoei dagokionean”

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 17a, 12:09

"Autogobernuan aurrera egitea eta Estatuarekiko harreman estatus politiko berria adostea. Euskadiren nazio aitortzan eta erabakitze eskubidearen erakundetzean oinarrituta". Hori izango da EAJren helburuetako bat datorren legealdiari begira. NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan argi azaldu dute iturri jeltzaileek: "Orain arte bezala, EAJrentzat gure autogobernuan sakontzea oinarrizkoa izango da".

Abenduaren 20an igandea, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ospatuko dira. Hainbat alderdiren  iritziak batu ditugu aste honetako NOAUA! aldizkarian. Aurrekoetan bezala, hauxe da baliatu dugun irizpidea: Udaletxean ordezkatuta dauden alderdietako zinegotziengana jo dugu iritzi eske. Segidan dituzue EAJ-PNVko kideen hitzak.

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira abenduaren 20an. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

EAJ-PNV. Orain arte bezala, EAJrentzat gure autogobernuan sakontzea oinarrizkoa izango da. Eskumen gehiago behar ditugu eta eskatzen ditugu. Alde batetik, gure Autonomia Estatutuan jasota dauden eskumen guztiak, ia 40 urte geroago oraindik mamitu ez direnak. Baina politika eta zerbitzu publikoak Euskaditik egin ahal izateko eskumen berriak ere lortu nahi ditugu.

Bestetik, Europako gobernantza ekonomikoa sendotu nahi dugu, sinetsita gaudelako Europa ekonomikoa funtsezkoa dela munduan lehiakor izateko.

Gure programari dagokionean, besteak beste, ondorengo ekintza arloak proposatzen ditugu:

1. Autogobernuan aurrera egitea eta Estatuarekiko harreman estatus politiko berria adostea. Euskadiren nazio aitortzan eta erabakitze eskubidearen erakundetzean oinarrituta.

2. Bidezkoak eta duinak diren pentsioak defendatzea: kudeaketa Euskadira ekartzea. Langile autonomoen babesa hobetzea. Gizartean sortu diren arrisku berriei aurre egitea (diru sarrerarik gabeko familiak, langile txiroak, eta abar). Urratsak ematea errenta basikoko sistemarako bidean.

3. Eredu produktibo berria, politika industrialaren eta berrikuntzaren alde egingo duena. Horrek era berean exijitzen du lan harremanetarako marko propioa izatea, gure gizarte kohesio eta elkartasun baloreekin bat eginik.

4. Gure eskuduntza esklusiboak errespetatzea exijitzea. Ezin digute hezkuntza, osasun, administrazio publiko edo segurtasun eredurik inposatu. Espetxe politikan, gizarte segurantzan eta beste hainbat alorretan bete gabe dauden eskuduntzak geureganatzea. Gure kirol selekzioen aitortza.

5. Giza Eskubideen eta berdintasun politiken defentsa. Segurtasun alorrean salbuespen neurriekin amaitzea eta estatuko segurtasun taldeen presentzia murriztea, Ertzaintza polizia integral gisa hedatzeko.

6. Euskal aireportu, trenbide eta portu sistemak finkatzea.

7. Ingurumenaren jasangarritasun eta iraunkortasuna sustatzea eta klimaren aldaketari aurre egitea (Kioto). Ekonomiaren lehiakortasunari lagunduko dion argindar merkea bermatzea. Argindarraren autokontsumoa eta energia berriztagarriak sustatzea.

8. Gardentasun eta balore kultura sustatzea.

Kataluniako prozesuak bestelako eztabaidak areagotu ditu. Kupoa, eskubide historikoak, kontzertu ekonomikoa... Zentzu horretan, datorren legealdia funtsezkoa izango dela uste al duzue?

EAJ-PNV. Kataluniako prozesua interes bereziarekin jarraitzen dugu,  han gertatzen denak Estatu osoan izango duelako eragina, baita Euskal Herrian ere eta nolabait bere garaian guk Ibarretxe lehendakariaren eskutik hasitako bideari jarraitzen diolako.

Zalantzarik gabe datorren legealdia oso garrantzitsua izango da gure eskubide historikoei dagokionean. Estatu autonomikoak ziklo bat bete du, hori garbi dago. Aldaketa zantzuak daude haren barruan, eta inork ez daki norantz doazen, baina gero eta gehiago dira haren egitura eta funtzionamendua eredu zentralizatuago baterantz bilakarazi nahi dutenen ahotsak.

EAJ tentazio birzentralizatzaile horrek Euskadiri eragitearen aurka dago aurrez aurre. Bere garaian “kafea denentzat” formula onartu ez genuen bezala eta denborak arrazoia eman digu, haren helburu aitortua gure Herriaren nortasun eta berezitasuna desegitea baitzen, helburu bera lortu nahi duen kontrako mugimendurik ere ez dugu onartuko.

EAJren helburua datorren legealdirako Euskadiren naziotasuna eta estatuarekiko aldebiko harremana onartzea izango da, estatus politiko berria adostuz. Euskadiren nazio aitortzan eta erabakitze eskubidearen erakundetzean lan egingo dugu.

Joseba Agirretxea izango da Kongresurako EAJ-PNVren Gipuzkoako zerrendaburua.