EH Bildu: “Abenduaren 20an independentistok ezin dugu etxean geratu”

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 17a, 12:10

Abenduaren 20a igandea, Espainiako Gorteak hautatzeko eguna, funtsezkoa izango da EH Bildurentzat. "Euskal herritarrok eta, batez ere, independentistok funtsezkoa izatea nahi badugu. Burujabetzarako legealdia izatea nahiko genuke". Horregatik, koalizioaren esanetan, "inoiz baino behar handiagoz joan behar dugu bozkatzera, bozka horrek duen balioa eta eraginkortasuna izugarria baita burujabetzaren norabidean".

Hainbat alderdiren  iritziak batu ditugu aste honetako NOAUA! aldizkarian. Aurrekoetan bezala, hauxe da baliatu dugun irizpidea: Udaletxean ordezkatuta dauden alderdietako zinegotziengana jo dugu iritzi eske. Segidan dituzue EH Bilduren hitzak.

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira abenduaren 20an. Zuen alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira defendatu eta bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?

EHBildu. Estatu Espainiarra krisi sakonean dago. Krisi ekonomikoaz eta sozialaz gain, Estatu eredua bera dago krisian. Eta krisi horren aurrean Madrildik eskaintzen den errezeta bakarra zentralismo gehiago, burujabetza gutxiago da. Hitz batean: ukazioa. Geroz eta argiago dago, beraz, Espainian ez dela aldaketarik izango, duela hilabete gutxi arte halako aukera baten atarian egon gintezkeela uste bagenuen ere. Espejismo hutsa izan zen. Horregatik, gu ez gaude Madrili begira, gu Euskal Herrira begira gaude. Izan ere, aldaketarako aukera bakarra hemen Euskal Herritik bultza dezakeguna da. Eta aldaketa hori gure bide propioa egitetik baino ez da etorriko, euskal bidea egitetik, Katalunian ikusten ari garen bezala. Eta bide hori egiteko Euskal Herrian badagoela nahiko indar, nahiko gogo, nahiko konpromiso erakusteko aukera ezinhobea dugu abenduaren 20an. Independentismoa indartsu eta burujabetzarako bidean sakontzeko gogoz dagoela erakutsi behar du abenduaren 20ko argazkiak. Madrilek bozka independentistari dio beldur, bai Euskal Herrian bai Katalunian. Min gehien egiten dion bozka da. Erabil dezagun, beraz, bozka hori.  Horregatik, joan behar dugu bozkatzera abenduaren 20an. Hautestontziak boto independentistez bete behar ditugu. Eta independentziaren aldeko bozka bakarra EHBildurena da.

Horregatik guztiagatik, euskal herritarrok hemen erabaki nahi dugu eta Madrilera joan behar dugu, bai, euskaldun libre gisa jokatzera eta inposizioak eta ukazioak amaitu behar dutela exijitzera; gure herriaren aitortza eta errespetuaren mezua ozen eta aurrez aurre entzun dezaten: zutik dagoen herriaren eserlekuak izango dira gureak.

Kataluniako prozesuak bestelako eztabaidak areagotu ditu. Kupoa, eskubide historikoak, kontzertu ekonomikoa... Zentzu horretan, datorren legealdia funtsezkoa izango dela uste duzue?

EHBildu. Funtsezkoa izango da, euskal herritarrok eta, batez ere, independentistok funtsezkoa izatea nahi badugu. Gure ustez, burujabetzarako legealdia izatea nahiko nuke. Izan ere, Madrildik ez dugu deus espero. Madrildik datozen ahots berriek ere burujabetza gutxiago edota “aldaketa, funtsean deus aldatu gabe” da eskaintzen diotena Euskal Herriari. Ciudadanosek kontzertu ekonomikoaren inguruan zein euskararen inguruan egindako adierazpenek hala iragartzen dute. Eta Podemos ere ez da aldaketarako eragilea izango. Prozesu eratzailearen beharra jarri izan dute mahai gainean, baina orain atzera egin dute, Konstituzioa aldatzeaz hitz egin dute, ez prozesu konstituiente berri bat eraikitzeaz. Aukera horren bideragarritasuna alboratzen hasi dira.

Espainiak ez du izan inoiz agenda demokratikorik, eta aurrerantzean ere ez du izango, horretara behartzen ez badugu, bederen. Alegia, nabarmen geratu da Estatuan garatu daitezkeen prozesu eratzaile bakarrak Catalunyako prozesu independentista eta Euskal Herrian gara dezakeguna direla. Marko nazionalaren aldaketa eta justizia sozialerako aukerak  Madrilekiko menpekotasuna apurtzetik datoz, eta horrek gero eta nabarmenago kokatu du independentziaren proiektuaren beharra.

Hausturaren aldeko apustu argia berretsi behar dugu 40 urte pasata, baina orain gure zerumuga ez da espainiar estatuaren demokratizazioa, espainiar estatuarekin haustea baizik. Beste era batera esanda: gaur egun, Espainiarekiko haustura demokratikoa euskal bidea da, independentziarako bidea, jendartea sakon eraldatzeko bidea, bide demokratikoa. Eta horrek hartzen du indarra abenduaren 20an. Horregatik, abenduaren 20an independentistok ezin dugu etxean geratu. Inoiz baino behar handiagoz joan behar dugu bozkatzera, bozka horrek duen balioa eta eraginkortasuna izugarria baita burujabetzaren norabidean.

Marian Beitialarrangoitia da Kongresurako EH Bildu koalizioaren Gipuzkoako zerrendaburua.