Kokagune berria du, jada gure artean den Olentzerok

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 17a, 08:56

Herriko saltokiekin batera, eguberriz girotu zaigu herri erdigunea. Abenduaren 24ra arte itxaron gabe, Olentzero ere heldu zaigu urtero moduan. "Okerrik" ez bada, gabonak amaitu arte gure artean izango da. Baina honez gero, ondoko irudia ikusita ohartuko zinetenez, kokagune berria du Euskal Herriko ikazkin ezagunenaren estalpeak. Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik, garai bateko parke gunera lekuz aldatu baitu aurten Usurbilgo Udalak.

Ikasleen kantu saioak

Olentzeroren etorrerarekin abiatuko dira egunotan, gabonetarako antolatuak dauden ekimen mordoa. Bereziki haur eta gaztetxoei zuzendurikoak. Txikienek, ia hiru asteko oporraldi luzean eskura izango duten aisialdi eskaintza zabalean ez galtzeko, NOAUA!ko gehigarriaz gain, Udalak haientzat gida modukoa kaleratu du. Antolatu diren ekimenen egitaraua eskuorri batean bildu eta oporretarako ixtear diren ikastetxeetan banatzekoa zen egunotan.

Aginagako Eskolan eta Udarregi Ikastolan hain zuzen, ostiral hau izango dute azken klase eguna. Zubietan astelehenean joango dira oporretara. Denek kantuan eta San Tomas festaren inguruan borobilduko dute ikasturteko lehen hiruhilekoa. Ikusi:

Abenduak 18, ostirala

Aginagako Eskolan:

Goizean zehar, Aginagako Eskolakoak kantuan kalejiran ibiliko dira, Aginagatik barrena.

Udarregi Ikastolan:

09:30-10:50 LH eta DBH-koen gabon kanta saioa:

-LHkoen ibilbidea: "Agerialdetik ikastola gorrira, Haur Eskolara, Kale Zaharreko plazara, aldapatik jaitsi eta Eroskiko biribilgunera, Zubiaurrenea kaletik Bordatxoko biribilgunera eta handik ikastolara".

-DBHkoen ibilbidea: "Eraikin gorritik Mikel Laboa plazara, beheko botikako plazara, Artzabalera eta handik ikastolara".

11:25 HH-ko haurren gabonetako kantu saioa. Ibilbidea: "Agerialdetik abiatu eta ikastola gorrira, han lehen geldialdia. Ondoren biribilgunean, Olentzeroren aurrean eta azken geldiunea frontoian izango da. Bertan, ikasitako gabon kanta guztiak gerturatzen garenok elkarrekin abestuko ditugu".

17:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Haur Eskolako 2-3 urteko geletara.

Ondoren, jolastokian haur, hezitzaile, guraso eta herritarrak elkartu eta gabon kantak abestuz kalejira frontoira.

18:15ak aldera, frontoira iristea. Haur Eskolakoentzako askaria, musikak girotua; pintxo eta sagardo dastaketa.

Abenduak 21, astelehena: San Tomas Festa Zubietan

Goizean zehar, Santo Tomas Festa Zubietako Eskolan: gabonetako kantu emanaldia eta musikak giroturiko txistor jana.

Antolatzailea: Zubietako Eskola.