Gabon kantuak abestuz, kalejiran oporretarantz

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 18a, 12:08

Irakasle eta ikasleen aurpegietan, oporren atarian zirela nabari zen. Udarregi Ikastolak urteko azken klase eguna zuen ostiral hau. Ezohikoa noski, ikasgeletatik kanpo igaro dutelako goiza, urte garai honi dagozkion kantu artean. Kalejiran eta hitzordurako egoki jantzita, HH, LH eta DBHko ikasle eta irakasleek eguberriko abestiekin girotu dute Kaxkoa eta Kalezar ingurua, neguaren atarian bizitzen ari garen ezohiko udaberri tankerako egun honetan. Eta haiekin senide eta lagunak atzetik segika, argazkilari eta bideogile lanetan.

Hamaiketako eder askoaren bueltan amaitu dute goiza. Eta orain, oporretara doaz. Ia hiru asteko merezitako atsedenaldia dute aurretik, urtarrilaren 7ra arte.

Haur Eskolakoen festa, amaitu berria

Txikienen txanda iluntzean. Mari Domingi eta Olentzeroren bisita izan ostean, Haur Eskolatik kalejiran abiatu dira Kalezarretik barrena frontoirantz, Haur Eskolako ikasle, hezitzaile eta gurasoak. Kantuan, trikitilarien laguntzaz. Helmugan, askari goxo askoa dastatu dute frontoian.