Aginagako Eskolan ere kantuan eman dute opor aurreko azken klase egun hau. Goizeko 10:30ak aldera irten dira baserritar jantziekin, Aginagan barrena ospatu duten gabonetako kantu-jira berezian. Ikasleek, irakasle eta gurasoak izan dituzte bidelagun. Egun berezi honen ostean, oporretan dira guztiak urtarrilaren 7ra arte.
Zubietako Eskolan aldiz, astelehenean dute azken klase egun berezia. Berezia, Santo Tomas Festa antolatu baitute. Goizean zehar, gabon kantak abestu eta txistor jana ospatuko dute.
Gabonetako Txokoak, astelehenetik aurrera
Ia hiru asteko oporraldiaz gozatzeko aukera izango dute, gaurtik Aginagako Eskolan. Baina aspertzeko tarte handiegirik izan gabe joango zaizkie oporrok, astelehenetik aurrera, Gabonetako Txokoak antolatu baitituzte Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkartekoek. Abenduaren 11 baino lehen izena eman zutenek, abenduaren 22tik urtarrilaren 5era jolasean igaroko dituzte astetarteko goizak, 09:00-13:00 artean. Egunotarako iragarri dituzte txokoak: abenduaren 22tik 24ra eta hilaren 28tik 30era, eta urtarrilaren 4ean eta 5ean. Argibide gehiagorako: aginaga@eskolatxikiak.org
Mari Domingi eta Olentzeroren bisita
Txokoez gain, bisita berezi bat ere izango dute etxeko txikienek. Mari Domingi eta Olentzero Aginagara datoz abenduaren 23an, arratsaldeko 17:00etan. Haurren gutunak bilduko dituzte. Eta segidan, txokolate goxo askoa dastatzeko aukera izango da, Antxomolantxa Elkartekoen eskutik.
Kantura, abenduaren 24an
Gaurkoan ikasleen txanda izan da, abenduaren 24an animatzen diren aginagar eta herritar guztiena. Baserritar jantziak soinean, gabon kantak abesteko hitzordua antolatu dute aurten ere Aginagako parrokiakoek. Goizeko 09:00etan finkatu dute abiatzeko hitzordua, elizatik. Bazkal ordura arte, Aginagako landa eremutik barrena lehenik, eta gero herri erdigunean zehar ibiliko dira kalejiran. Usadio luzeko ohitura berritzen. Aginagarren arteko loturak sendotzeko aukera ederra eskaini ohi du ekimen honek,
Irudiak: Aginagako Eskola.