Parte hartzeak puntu bat gorantz egin du Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 20a, 11:57

Argitara eman diren lehen datuen arabera, bozka eskubidea duten 4.677 usurbildarretatik 1.798 herritarrek (%38,44) parte hartu dute jada Espainiako Gorteak berritzeko igande honetarako deituak dauden hauteskundeetan. Duela lau urteko bozketetako lehen ehunekoekin alderatuta, puntu bat egin du gora parte hartzeak udalerri honetan.

2011n Madrilgo Kongresua eta Senatua berritzeko %37,19k bozka emana zuen, hauteskunde eguneko lehen orduetan. Oraingoan ordea, herritarren %38,44k  jada bozka eman du goizeko 09:00etik Kaxkoan, Kalezarren, Zubietan, Santuenean eta Aginagan zabalik dauden 8 hauteslekuetan.

Gogoan izan, bozkatzeko aukera izango da aipatu guneotan iluntzeko 20:00ak arte. Ordu horretan, hauteslekuak itxi eta bozka zenbaketari ekingo diote. Usurbilgo emaitzen berri, jaso ahala atari honetan bertan emango dizuegu.