Jende asko batu da Santo Tomas azokan

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 20a, 23:59

Bozketa eguna izan arren, jendea erruz batu da Santo Tomas azokan. Giroa ere halakoxea zen, kaxkora hurbiltzeko modukoa. Sagardoa dastatu, taloa edota gaztain jan, gozoa erosi, babarrun zein txerriki postuak bisitatu... Gaztetxoentzat ere ekitaldirik izan da. Ixabel Agirresaroberen kontakizunekin gozatzeko aukera izan dute.

Postu ugari egon dira oraingoan: errauste-plantaren aurkako sinadurak biltzeko mahaia edota Nafartarrak-en otarrak eskuratzeko postua. NOAUA!k ere mahaia ipini du eta photo-call delakoan jendetza batu da euskararen aldeko argazkia ateratzera. Babarrun eta sagardo lehiaketetan, Jose Kruz Matxain eta Arkaitz Portularrume izan dira nagusi, hurrenez hurren.

 

139, NOAUA!ko zenbaki saritua

Photo-callen argazkia atera dutenen artean zozketa egin da eta 139 izan da zenbaki saritua. Saria, Otar Goxoko saskia. Zozketa unean ez da irabazlea agertu. Zenbakiaren jabe dena pasa dadila NOAUA!tik saski bila.

Babarrun Lehiaketa

  1. Jose Kruz Matxain, Olarri baserria.
  2. Eneko Bereziartua, Etxe Maite (Aginaga).
  3. Manuel Aizpurua, Ibai-Ertz (Aginaga).

 

Sagardo Lehiaketa

  1. Harkaitz Portularrume, Agerre-Txiki.
  2. Mila Aizpurua, Juanantzonea.
  3. Manuel Aizpurua, Ibai-Ertz (Aginaga).

 

10.200 euro, Xiberoako Ikastolen alde

Nafartarrak taldeak Xiberoako Ikastolen aldeko kanpainan hartu du parte beste behin ere. Otarren salmentaren bidez, 10.200 euro batu dituzte eta batutako dirua eskura eman diote Xiberuako Ikastolen lehendakariari. Emandako laguntzagatik, eskerrak eman dizkie usurbildarrei.