EH Bilduk emaitza txarrak izan ditu. Alderdirik bozkatuena izaten jarraitzen du Usurbilen, baina duela lau urteko emaitzekin alderatuz, 510 bozka gutxiago batu ditu. Beherakada nabarmena izan arren, beste herri batzuetan baino gutxiago jaitsi da Usurbilen. Alegia, danbatekoa beste toki batzuetan baino txikiagoa izan dela hemen.
Beherakada horren parean da Ahal Dugu-Podemosen igoera. 690 bozka batu ditu eta emaitza horrekin bigarren indarra izan da. Aurreikuspen baikorrenak gaindituz ziurrenik.
EAJ-PNV hirugarren alderdi bozkatuena izan da: 616 jaso ditu alderdi jeltzaleak. Duela lau urte aurkeztu ziren alderdien artean, botoetan igo den bakarra da EAJ. Beste guztiak behera egin dute: Amaiur/EH Bildu, PSE, PP, IU...
2011 eta 2015eko emaitzak alderatuz, Alderdi Sozialistak botoen herena galdu du. 255 botoekin bada ere, alderdi sozialistak herrian oraindik bere oinarria baduela agerian geratu da.
Alderdi Popularrak 56 bozka galdu ditu eta Ciudadanosek 66 erdietsi. Akaso irakurketa sendoago bat mereziko luke, baina batek galdutakoa besteak jaso duela ondorioztatu daiteke.
Gainontzean, partehartzea duela lau urtekoaren parekoa izan da. Eta hortaz, abstentzioa ere berdintsu ibili zen atzo, %31ren bueltan.