Parekidetasun Sailak autoestima eta ahalduntze tailer berri bat antolatu du

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 28a, 07:30

Autoestimua indartu eta norberaren autoezagutzan sakondu nahi duten 16 urtetik gorako emakumeentzat. Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak horientzat guztientzat antolatu du autoestima eta ahalduntze tailerra. Urtarrilaren 21ean abiatu eta  martxoaren 17ra arte luzatuko da ekimena.

Garapen pertsonala eta autoestimua sustatzea, jarrera ez osasungarriak identifikatzen ikastea, genero rolak eraldatzea, gaitasun indibidualak indartzea, eta azkenik, talde kontzientzia, elkar laguntza eta parte hartzea sustatzea dira ahalduntze tailer honen helburu nagusiak.

“Ezinbestekoa da jasotako heziketa berrikustea”

“Bizitza osasungarri eta aberats bat izateko, oso garrantzitsua da norberaren burua ezagutzea, zaintzea eta balioa ematea. Emakumeek jaso duten heziketa dela eta, genero mandatuek eragin kaltegarria izan du beraien autoestimuaren eraikuntzan, eredu patriarkalean oinarritu izan baita autoestimuaren eraikuntza. Hortaz, ezinbestekoa da jasotako heziketaren berrikuspena eta hausnarketa egitea, emakumeak ahaldunduko dituen prozesuari ekin ahal izateko”, antolatzaileen esanetan.

Autogestioa, independentzia eta autoestimua sendotzeko

Tailer honen bitartez, “sexu/genero sistema aztertu eta emakumezkoen autoestimuaren eraikuntzan duen eragina aztertuko da. Helburu orokorra, emakumeen autogestioa, independentzia eta autoestimua sendotzea da, eta beraien barneko desio, sormen eta senarekin konektatzeko gaitasuna  garatzea eta/edo indartzea”.

Izen-ematea zabalik

Urtarrilaren 21ean abiatu eta  martxoaren 17ra arte luzatuko da ikastaroa.

Saioak genero gaietan aditua den Pepa Bojo psikologo eta psikoterapeutak bideratuko ditu.

Ostegunero, 17:00-19:00 artean, Bake Epaitegi atzeko lokalean.

Tailerrerako izen-ematea: abenduaren 18tik urtarrilaren 15era, tarte horretan eman daiteke doan, parekidetasuna@usurbil.eus helbidera idatzita, edo 943 377 110 telefono zenbakira deituta.