Hasieraz onartu da 2016ko udal aurrekontu proposamena

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 23a, 20:27

Ezohiko udalbatza plenoa egin da gaur. 2016ko udal aurrekontuak, hori izan da gaurko gai garrantzitsuena. EH Bilduk aurkeztu duen proposamenak ez du oposizioaren oniritzia jaso. EAJ eta PSE aurka agertu dira baina, hala ere, hasieraz onartu da udal gobernuak gaur plenora eraman duen proposamena. 15 egunez egongo da jendaurrean.

Aurrekontuen lanketa urrian hasi zen. Hala adierazi du Xabier Arregi alkateak. Urriaren 27ko udalbatza plenoan zerga ordenantzak onartu ziren eta, ñabardura batzuk salbu, udal gobernuak aurreko zergak eta tasak bere horretan mantentzea erabaki zuen.

“Gerora lanketa bat egin da arloz arlo, sailez sail, eta lanketa hori udal teknikariekin batera egin da”, alkateak aditzera eman duenez. Era horretan finkatu dira beharrak eta lehentasunak. “Eta teknikarien partehartze horrek ekarri du sarrerak ondo finkatzea eta gastu-banaketa egoki bat egitea”.

 

Abenduaren 2ko Ogasun Batzordean udal aurrekontuen lehen proposamena aurkeztu zitzaien udal taldeei. Eta abenduaren 17an egin zen batzordean, PSE-EEk eginiko proposamenak hartu ziren kontuan. Xabier Arregik publikoki eskertu nahi izan du Fermin Orue-Echevarria zinegotzi sozialistak egindako ekarpenak.

Nahiz eta Ogasun Batzorde horretan PSE-EEko zinegotziaren proposamen guztiak ez ziren aurrekontuetan islatu, “asko ez zirelako aurrekontuetan zehatz-mehatz jasotzekoak”, aurrera begira oso kontuan hartzekoak direla aipatu du EHBilduko alkateak. Eta etorkizuneko udal aurrekontuetan jaso daitezkeela adierazi du.

 

Herritarren ekarpenak biltzeko ahalegina

Garai beretsuan, udal gobernuak bilera irekiak egin ditu herri eragileekin eta herritarrekin. Guztira zortzi bilera izan dira. Alkatearen esanetan, “oso bilera emankorrak izan dira” eta herriko eragileek eginiko ekarpenei ere aurrerantzean toki egingo zaiela adierazi du.

 

Aurrekontuen izaera

“Pertsonengan eta herri bizian inbertitzeko aurrekontuak dira hauek”. Are gehiago, “gure etorkizuna hipotekatuko ez duen udal aurrekontua” dela aitortu du Xabier Arregi alkateak. “Dugun egoera ekonomikoaren aurrean, arduraz jokatzera behartuta gaude. Ditugun baliabideak ondo kudeatuz”.

Alkatearen esanetan, “aurrekontu eredu honek ez du handikeriaz jokatu nahi eta fokoa pertsonengan eta herri bizian ipini nahi izan dugu”. Eta aurrekontuak kudeaketa eraginkor baten bidez bideratuko direla nabarmendu du.

 

Zerbitzu publikoen sustapena

Usurbilgo Udalak aktibo inportante bat duela dio udal gobernu taldeak. “Eta hori giza-kapitala da”. Herriari eskaintzen zaizkion zerbitzu asko eta asko baliabide propioen bidez ematen dira, “eta hori gure bereizgarri bat da. Horregatik, erraz ulertzen da gure aurrekontuetan Pertsonalgoaren kapituluak hainbesteko pisua izateak”.

 

Ongizatea bermatzea

Herritarren baldintza egokiak ziurtatzea ez da kapitulu jakin batean bakarrik jasotzen. Alkateak plenoan adierazi duenez, “aurrekontu osoan iradokitzen da izaera hori. Usurbildar guztiak hobeto bizi gaitezen, eta premia gehien dutenei zerbitzu egokiak eta aukerak eskainiz”.

EH Bilduk zuzentzen duen udal gobernuaren esanetan, “aurrekontu hauetan ez da murrizketarik egiten arlo sozialean. Eta gure egiten dugu murrizketarik ez egiteko jokaera”.

 

Arreta ona emateko konpromisoa

Udal funtzinamendu egokiari garrantzia eman nahi zaio. Eta horrek bere isla izango du 2016ko udal aurrekontuan. Etxe barruko funtzionamendua hobetzeko ekipo informatikoak erosiko dira, web orria berritu, udal ibilgailu berriak eskuratu, inbentario bat egin... Herritarrei arreta eta zerbitzu hobea eman asmoz.

 

Herriko eragileei bultzada

Inbertsioek garrantzia handia dutela esan du alkateak. Udal gobernu honek pertsonengan eta herri bizian inbertituko duela aurreratu du. “Inbertsioa derrigorrez hormigoiari lotuta dagoela dirudi”, hala esan du alkateak, “baina herri honetan sozial, kultural edota kirol arloko eragile asko dago, oso aberatsa da horretan herri hau, eta horiengan inbertitu behar dugu. Talde horiei bultzada eman behar zaie beren jardunean jarrai dezaten”.

 

Inbertsioak

Talde horien lana bultzatzeko, esate baterako, 300.000 euro aurreikusiten dira.

Zumarte Musika Eskola birgaitzeari begira, proiektu bat egingo da 2016an eta 2.000 euro aurreikusi dira.

Plan Orokorrak lehentasunezko izaera du legealdi honetan, eta horretarako 55.000 euro aurreikusten dira (soilik erredakzioan, pertsonal gastuak aparte doaz).

Irazu kalea urbanizatzeko 205.000 euroko partida gorde da.

Erroizpeko urtegia egokitzea, behar bereziak dituztenei begira kiroldegiko aldagelak egokitzea... Bestelako inbertsioen artean dira hauexek.

“Izaera sozial hori indartzea, indar bizi hori sustatzea”, laburbilduz horiek izango dira 2016ko udal aurrekontuen gako nagusiak.

 

EAJ, udal aurrekontu proposamenaren aurka

Aurrekontu hauei ekarpenak edo emendakinak egiteko denbora faltaz kexu azaldu dira oposizioko bi alderdiak. Informazioa formalki oso berandu jaso zutelako. Josune Urkola EAJko zinegotziaren esanetan abenduko Ogasun Batzordean luze zabal hitz egin zuten, baina ordutik hona EH Bilduk plenora eraman dituen aurrekontuetan ez dagoela aldaketarik aipatu du. “Gu kontra bozkatuko dugu, aipatu duzun guztiarekin ados egon arren, kontinuistak direla iruditzen zaigulako, aurreko urteetatik datozen berberak”.

 

Inbertsioak, herri osoari begira egiteko proposamena

Inbertsioekin berezi kritiko agertu da alderdi jeltzalea: “inbertsioetan ez dugu gauza handirik ikusten”, halaxe aitortu du Josune Urkola zinegotzi jeltzaleak. “Gizatasunean inbertitzea oso ondo dago, eta horregatik diozue pertsonalgoari eskainitako partida dela hain handia, baina aurrekontu hauek ezin dute pertsona batzuentzat bakarrik izan. Herri osoarentzat baizik. Beste inbertsio batzuk egingo balira, herri osoari begira...”.

Planifikazio gutxiko aurrekontuak direla ere esan du Josune Urkolak, eta horregatik aurkako botoa emango duela aurreratu du EAJko bozeramaleak.

Kontuhartzaileari eta udal idazkariari zuzenduz, Josune Urkolak hauxe galde egin du: “txostenean ez dugu ikusi Berdintasunaren Legea betetzen den ala ez”. Udal idazkaria zalantzati agertu da eta ez du erantzun argirik ematerik izan.

 

PSE-EE ere, aurka

EAJko ordezkaria bezalaxe, PSEko zinegotzia ere kexu agertu da, denborarik ez dela izan aurrekontuak behar bezala aztertzeko. Bere ekarpenak ez direla aurrekontuan jaso aipatu du eta horregatik aurka azaldu da bozketan zinegotzi sozialista. Hurrengo urterako, aurrekontuekin lehenago hastea proposatu du Fermin Orue-Echevarriak. Alkateak kontuan hartu ditu PSE eta EAJren proposamenak, aurrekontuen lanketa lehenago hasteko iradokizuna bere eginez.

Urtarrilaren 8an aterako dugu hurrengo aldizkaria, eta urtarrilean zehar alderdi bakoitzaren balorazio zehatzagoak batuko ditugu.

 

Bestelako gaiak

Gaurko plenoan, Antolakuntza Batzorde Informatzailea eratzeko puntua ahobatez onartu da. Eta Lanpostuen eta Plantilla Organikoaren zerrenda onartu da, EHBildu eta PSEren aldeko botoekin. EAJk abstentzioan geratu da.

Jai zoriontsuak opatuz, halaxe agurtu ditu alkateak gainontzeko udal zinegotzi guztiak.