Eman izena, 6. Hurbilago San Silvestre lasterketarako

Noaua Aldizkaria 2015eko abenduaren 24a

Hurbilago Elkarteko establezimenduetan edo hurbilago.com atarian sartuta doan apuntatu zaitezkete, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzearen alde, abenduaren 31n ospatuko den herri lasterketarako. 6. Hurbilago San Silvestre, Urtezahar egunez, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Partaideek bi itzuli eman beharko dizkiote, tokiko merkataritzaren egoitza dugun herri erdiguneari. Guztira 4 kilometro luze izango dituen lasterketaren helmuga frontoian kokatuko da.

Gabonetako Zozketa

Lasterketa amaieran, hainbat sari zozketatuko dira; tartean, egunotan Sutegin ikusgai dituzuen Hurbilagoren Gabonetako Zozketako opari potoloak. Zozketa honetan parte hartzeko, egin erosketak Hurbilago Elkarteko saltokietan. Trukean, ekimen honetan parte hartzeko txartelak jasoko dituzue. Zorte on!