"Borondateen Kriseiluak" ekitaldia atzeratu egin du Gure Esku Dagok

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 28a, 08:35

Gure Esku Dago mugimenduak, Euskal Herriko hainbat udalerrietan, tartean Usurbilen, abenduaren 31rako deituak zituen "Borondateen Kriseiluak" ekitaldiak atzeratu ditu. Zehazteke dago noiz egingo diren. Urtezahar eguneko ekimena bertan behera uzteko erabakia, segurtasun arrazoiengatik hartu dute antolatzaileek. "Eguraldi lehorra eta suhiltzaileek emandako irizpideak direla eta, kriseiluen hainbat ekitaldi atzeratzea erabaki da. Ondorioz, kandelak erabiliko dituzten ekitaldiak mantentzen dira soilik", Gure Esku Dagok ohartarazi duenez.

Abenduaren 31ko ekitaldia bertan behera geratu da momentuz, baina aurrerago ospatzeko asmoz dira.

Desioen kriseiluak

Honatx Gure Esku Dagok abenduaren 31rako proposatzen zuena. "Urte Zahar egunean, ilunabarrean elkartuta, urte berrirako desio bana eskatu, kriseiluan idatzi, eta zerura jaurtitzeko deia luzatzen dizuegu herritarroi. Puntuz puntu, kriseiluz kriseilu, argiz bete nahi dugu zerua, ezberdinen artean eta elkarlanean, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean".

Aldarrikapenetik gauzatzera, erabakiaren aroan sartzera goaz

2013ko Ekainean sortu zen Gure Esku Dago ekimen herritarra, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida lokatzetatik atera eta gizarteratzeko asmoarekin. Oinarrizko hiru printzipio lematzat hartuta (Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.), ilusioz eta era positibo batean aritu gara lanean, berandu baino lehen, erabakitzeko eskubidea herritar guztion topalekua bihurtzeko helburuarekin.

Azken bi urte hauetan ekitaldi ezberdinak antolatu ditugu herri nahiz nazio mailan; Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate historiko hartatik hasita, ekitaldi xume nahiz masiboen bidez, aldarrikapena Euskal Herriko txoko guztietara eramaten saiatu gara.

Baina ez ginen jaio urteetan zehar aldarrikatzen ibiltzeko, erabakitzeko eskubidea praktikara eraman nahi dugu guk. Lehen aldarrikapen fase baten ondoren, eta Eskura hausnarketa prozesua igarota, Erabakiaren Aroa hasi dela uste dugu; iritsi da pauso berriak emateko garaia. Aro berri honen lehen erakusgarri izango dira Goierri, Ispaster eta Dima, 2016an herri-galdeketak egiteko erabakia hartu baitute jada. Lehendabiziko horien atzetik etorriko dira beste herri-galdeketa asko.

Erabakiaren Aroa indartsu hasi nahi dugu Usurbilgo GEDko partaideek eta horretarako gizarteratze prozesuari azken bultzada bat eman nahi diogu 2016.urtean. Orain arte antolatutako ekitaldietara hurbildu ez zaigun jende horrengana ere iritsi nahi dugu, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea guztion artean osatzea baita helburua.

Gauzak horrela eta urtea gogotsu asteko, Borondateen Kriseiluak ekitaldia antolatu dugu Abenduak 31rako. Urte Zahar egunean, ilunabarrean elkartuta, urte berrirako desio bana eskatu, kriseiluan idatzi, eta zerura jaurtitzeko deia luzatzen dizuegu herritarroi.

Usurbilgo GED

Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.