Gabonetako Haur Parkea zabalik

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 28a, 12:46

Oiardo Kiroldegiko pista, jolasgune erraldoian bihurtua beste behin. Usurbilgo Udalak antolaturiko Gabonetako Haur Parkea ireki berri dute. Atea zabaltzerako zain zituzten langileek, haur mordoa. Parkea zabaldu ahala, oinetakoak kendu eta etxean bezala, saltoka dabiltza gaztetxoak puzgarrietan edota hainbat tailerretan parte hartzen. Gogoan izan, 2-12 urte artekoei zuzenduriko jolastokia dugu Gabonetako Haur Parkea.

Prestatu duten azpiegitura sarean dibertitzeaz gain, ikuskizunak ere izango dituzte egunotan; astelehen honetan esaterako, 18:30etan hasita, Diskotxiki mugikorra.

Herriko gazteak lanean

Batzuek jai egin eta ondo pasatzeko, besteek lan egin behar. Baita Gabonetako Haur Parkean ere. Aurpegi ezagunak aurkituko dituzue jolastoki handian; herriko gazteak. Parkea kudeatzen duen Keima enpresako lan deialdian parte hartu eta kontratatu dituzten usurbildarrak.

Gabonetako Haur Parkea

Epea: abenduak 28-30.

Ordutegia: 11:30-13:30 / 17:00-20:00.

Tokia: Oiardo Kiroldegia.

Nori zuzendua: 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei.

Sarrera: doan.

Zehaztasunak:

-Gune Orokorra: zientzietarako karpa, eskulan tailerrak, edertasun saloia...

-2-6 urte artekoentzako gunea: marrazki txokoa, ludoteka, puzgarria...

-6-12 urte artekoentzako gunea: ohe elastikoak, puzgarriak, tailerrak...

-Eta gainera, tailerrak eta ikuskizunok:

Abenduaren 28an, 18:30etan Diskotxiki mugikorra.

Abenduaren 30ean, 18:30etan Zirko ikuskizuna.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.