"Egia bide, askatasuna amets", ekitaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 30a, 06:50

Abenduaren 30ean, iluntzeko 19:00etan frontoitik abiatuko den "Egia bide, askatasuna amets" ekitaldian parte hartzeko deia luzatu dute, antolatzaileek NOAUA!ra helarazi duten ohar honen bidez.

"Herri honen askatasuna lortze eta borroka bidean hamarka mila herritar ibiliak dira historian zehar. Garai ezberdinetan, bandera ezberdina soinean, ideologia konpartitu gabe batzuetan, baina askatasun ametsaren bidean den-denak, bizitza ere, eman zutenak. Haien bizitza eta lekukotza gure historiaren alde zatiezina da, faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zieten guztiak gureak direlako. Edozein antolakunde eta garaikoa direlarik, askatasunaren aldeko konpromisoak ekarri gaitu honaino eta irekiko ditu, parez pare, (ari da egiten), eszenatoki berri baten ateak. Horregatik dira eta izango dira gureak, maitatuenak, edozein urrats ematen dugula gogora ekartzen ditugun lehenak. GUREAK dira eta gure egiten dugu beren konpromisoa. Orain eta beti.

Horregatik urtero moduan, abenduaren 30a gerturatzen ari den honetan, gogora ekarri nahi ditugu guzti hauek. Eta horretarako gonbita luzatu nahi dizugu antolatuko dugun ekimenera. Abenduak 30, 19:00etan Usurbilgo frontoitik abiatuta ekitaldia".