"Borondateen kriseiluak" atzeratua eta piroteknia gaiak ez erabiltzeko deia

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 31a, 09:19

Azken aldian euririk apenas egin duen, lurra lehor dago eta sute arriskua handia da inguruotan. Urte garai honetan, suziri, bengala, petardo eta antzekoak botatzeko ohitura geroz eta handiagoa dela jakinik, "edozein artefaktu mota" jaurtitzea saihestea eskatu du Foru Aldundiak, udaletara helarazi duen ohar bidez. Zuhurtziaz eta arduraz jokatzea eskatzen diete herritarrei. "Gailu horien berezko arriskuari zoruaren egoerarena erantsi behar zaio, udaz geroz ia euririk ez baitu egin", diote Diputaziotik. Suziri eta antzeko materialei su eman eta airera nahiz lurrera jaurtitzeak eragin ditzakeen suteez eta hauen kalteez ohartarazi dute Aldunditik.

"Borondateen Kriseiluak", atzeratua

Kriseilu hegalariak jaurtitzea saihestea ere eskatu du Aldundiak. "Aireratze hau eta globoak har dezakeen bidea kontrolgabekoak dira, eta haizearen indarraren menpe geratzen dira, eta horrek sute arriskua dakar, karga erregarria dagoenetan erortzen baldin bada: arboladi eta landa guneetan, lahardietan, teilatu eta fatxadetan, arropa eskegitako lekuetan, instalazioetan, linea industrial eta/edo energetikoetan...", Aldunditik berri eman dutenez.

Aholku hauei kasu eginez, segurtasun arrazoiengatik, Gure Esku Dagok abenduaren 31rako iragarria zuen hitzordua atzeratzea erabaki du. “Azken egun hauetan ekimena ez gauzatzeko gomendioa iritsi zaigu suhiltzaile nahiz instituzio ezberdinen partetik eta gomendio hauei kasu egitea iruditu zaigu egokiena. Izan ere, egun hauetan bizi dugun eguraldi lehorra ezagututa, antolatutako ekimena aurrera eramateak segurtasun arazo ugari sortu ditzake”, ohartarazi du taldeak.

“Borondateen kriseiluak” ekitaldia ospatuko da halere, aurrerago. Data zehazteke dagoen arren, kriseiluak eskuragarri izaten segiko dute Lizardi liburu dendan, 2,5 euroren truke, “baina hauek zuen kabuz ez aireratzea eskatuko genizueke, arriskutsua izan baitaiteke. Ekimenerako data berria zehazten dugun bezain laster izango duzue gure berri”.