Lasterkariok prest? Urtea pauso azkarrean eta jai giroan agurtu nahi duzuenok hitzordua duzue, arratsaldeko 17:00etan frontoitik abiatuko den 6. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketarekin.
Usurbilgo aipatu elkarteko kide diren establezimenduetan edo hurbilago.com atarian sartuta doan apuntatu zaitezkete, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzearen alde, ostegun honetan, abenduaren 31n ospatuko den herri lasterketarako.
Partaideek bi itzuli eman beharko dizkiote, tokiko merkataritzaren egoitza dugun herri erdiguneari. Guztira 4 kilometro luze izango dituen lasterketaren helmuga frontoian kokatuko da.
Gabonetako Zozketa
Lasterketa amaieran, hainbat sari zozketatuko dira; tartean, egunotan Sutegin ikusgai dituzuen Hurbilagoren Gabonetako Zozketako opari potoloak. Telebista edota mendiko bizikleta eder askoa esaterako. Zozketa honetan parte hartzeko, egin erosketak Hurbilago Elkarteko saltokietan. Trukean, ekimen honetan parte hartzeko txartelak jasoko dituzue. Zorte on!