Maialen Garagarza eta Joseba Larratxeren diseinua izango du, Usurbilgo Herritar Txartel berriak

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 31a, 19:47

2016an esku artean izango dugun Usurbilgo Herritar Txartelak badu jada bere diseinua; Dema plazako lurzoruko harrien irudi bana izango du txartel berriak, alde banatan. Ospatu berri den 6. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketaren amaieran eman dute ezagutzera, txartel berriko izena eta irudia hautatzeko, azken hilabeteotan antolatu den txapelketako lan saritua.

Herritar gehienen bozkek erabaki dute, ondoko argazkiko diseinua izango duela txartel herriak. Diseinuaren egileak, txapelketako irabazleak honenbestez irudikoak dituzue; Maialen Garagarza eta Joseba Larratxe herritarrak. 500 euroko saria irabazi dute. Zorionak!

Udaberri parterako eskuragarri

Diseinu lehiaketara, 18 lan aurkeztu ziren guztira. Horietatik 3, epaimahai batek hautatu zituen. Eta hiru lanotako baten alde bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek abenduko lehen hamabostaldian. Herritarren babesik handiena izan duena, eta honenbestez Herritar Txartel berriaren irudia zein izango den badakigu.

Estreinatzear dugun 2016. urtean eskuratu ahalko da, erosketak ordaindu edota Usurbilgo udal zerbitzuetan identifikatzeko baliatu ahalko duzuen txartel berria. Egitasmoa bideratzen ari diren Hurbilago Elkarteak eta Usurbilgo Udalak, aurrerago emango dituzte zehaztasun gehiagoren berri.