Bilboko manifestaziora joateko autobus zerbitzu bikoitza larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 4a, 13:01

Urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:00etan, euskal preso, exiliatu eta deportatuen eskubideen alde manifestazioak deitu dituzte Sarek eta Bagoazek "Mugi daitezen harriak" lemapean, Bilbon eta Baionan. Dagoeneko atxikimendu mordoa jaso duten hitzorduotarako, urtero moduan, autobus zerbitzua antolatu da Usurbilen.

Zerbitzu bikoitza; lehenengoa, goizeko 10:30etan Oiardo Kiroldegitik abiatuta. Bigarrena, gune beretik baina 15:00etan abiatuko dena. Goizeko zerbitzurako izen emateko zerrenda Irrati tabernan dago. Bordatxon, Zendoian, Txiribogan eta Aitzagan (tabernan eta elkartean) aldiz, arratsaldeko autobusetan apuntatzeko orriak.

Informazio gehiago: bagoaz.eus eta sare.eus

Usurbilen ere, harriak mugitzeko lanak abian

"Ezetz mugitu!" esatea nahikoa izan zen, "desapiyuari" aurre egin eta proba gainditzeko. Olatz, Patxi, Xomorro eta gainerako euskal presoak etxeratzea eskatzeko Dema plazako 1.800 kiloko harria mugitzeko erronka jarria zuen igande eguerdirako, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Eta harriari tira egiteko, sokaren bueltan lotu ziren herritarrek aise mugitu zuten ia 2 tonako harria. Hori nahikoa ez eta, baita zegoen lekuan jarri berriz ere. Taldeko argazkia atera zuten amaieran.

"Maite ditugu eta etxean behar ditugu! Horregatik "desapiyua" hasi besterik ez da egin, Mugitu Ditzagun Harriak! Urtarrilak 9an guztiok Bilbo eta Baionara!", deitu ditu herritarrak, Usurbilgo Ernai gazte erakundeak.