Postariak haurren eskaerak bildu ditu, Erregeen esperoan dira orain

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 5a, 13:03

Puntual asko, laguntzaileez inguratua, kalean zeharkatu edo gerturatzen zitzaizkionak agurtuz, eta eskuzabal, gozokiak banatzen heldu da Erregeen postaria, astearte goiz honetan Usurbila. Herri erdigunetik egin duen kalejira, herritarrak ilaran zain zituen frontoian amaitu du. Eta han, dagoeneko arratsaldeko errege kabalgatarako prestatua dagoen oholtzan hartu ditu, irrikitan, haien eskarien berri emateko zain zituen haurrak.

Postariak bidea ireki die, badatozen, hurbiltzen ari diren erregeei. Meltxor, Gaspar eta Baltasar, Urdaiagatik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan, laguntzaileekin batera kabalgatan. Gozokiz beteak. Kaxko ingurutik osteratxoa egin ostean, frontoian egingo zaie harrera. Haiekin egoteko aukera izango dute, etxeko txikienek.

Urtarrilak 5, asteartea

18:00 Errege kabalgata, Urdaiagatik abiatuta.

19:30 Erregeen etorrera eta azken ekitaldia frontoian.

Ondoren, protagonistekin egon eta hitz egiteko aukera izango da.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.