Heldu dira, geure artean ditugu Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Laguntzaileez inguratu eta babestuak heldu dira astearte iluntze honetan frontoira, Urdaiagatik abiatu eta Kaxkoari itzulia eman ostean.
Harrera beroa egin diete haur eta gurasoek frontoira sartzean. Oholtza gaineko estalpean zeuden kideak agurtu eta ekitaldira bertaratu direnei zuzendu dira. Lehenik, postariak bere lana egin duela azpimarratzeko. Eskaera mordoa jaso omen dute, eta adierazi dutenez, ilusioz saiatuko dira guztien nahiak betetzen.
Trukean, etxeko lana jarri diete haurrei; gaur gauean zapatak garbitu eta jan edan pixka bat uztea bai erregeei, baita bidelagun dituzten zaldiei ere. Nahikoa lan izango dute eta. Opariak utziko dizkiete bai, baina bihar goizean jasotakoa, ondokoekin partekatzeko gonbita egin diete haurrei, zintzoak izan ote diren galdetu ostean. Haurrek noski, zer esango zieten; baietz, munduko opari guztiak merezi dituztela.
Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko kabalgata amaieran, etxeko txikienen azken eskari, gutun eta mezuak biltzen izan dira erregeak. Ikusi denez, gau luzea dute aurretik.