Hedabideetan, eguneko albistea izan da asteazkenean, aste hasieran Ucin enpresan izandako gertaera; 100 kilo kokaina zituen edukiontzi bat aurkitu zuten astelehen goizean. Itxuraz, zanpatutako freskagarri potoak baino ez zeuden bertan. Sutara bota eta ezohiko kea botatzen zutela ohartu ostean egin zuten aurkikuntza. Labea aztertzen hasi eta poto hauen barruan kokaina fardelak zeudela ikusi zuten. 100 kilo kokaina guztira, 90 fardeletan banatuta.
Itxura denez, edukiontzia Uruguatik iritsi zen Bilbora eta handik ekarri zuten Usurbilgo enpresara. Gertatukoaren harira, ikerketa zabaldu du Ertzaintzak. Enpresara bideraturiko edukiontzi gehiago aztertzen ari dira, aipatu enpresara halako bidalketa gehiago egon daitezkeelakoan.