Ia hiru asteko oporraldiaz gozatu ostean, egunerokora itzultzeko unea heldu da. Ikastetxeak zabalik berriz ostegun honetatik aurrera. Motzagoa izango den bigarren hiruhilekoari ekingo diote ikasle eta irakasleek gaurtik, martxoa amaieran baitituzte hurrengo atseden egunak.
Eguberrietara ospakizun artean joan ziren Udarregi Ikastolako, nahiz Zubieta eta Aginagako eskoletako ikasle eta irakasleak. Eta itzuli berritan, jaialdi gehiago dituzte begi bistan.
Donostia Eguna
Urtarrilaren 20an egun handia izango dute Gipuzkoako hiriburuan. Ohi denez, Usurbilen aurre hartu eta bezperan ospatuko dira urteroko danborradak, ikastetxeetan. Batek baino gehiagok, jai izango du biharamunean.
Santa Ageda
Inauteriekin batera egokituko dira aurtengoan, otsailaren 4ko ospakizunak. Baserritar jantziekin, Santa Ageda bezperari loturiko koplak abestuz eta eskutan izango duten makila joz, kantu eskean irtengo dira ikastetxeetako ikasle eta irakasleak. Oraindik deialdi ofizialik ez badago ere, herri eragileren bat edo bestek ere deitu ohi du otsailaren 4ko iluntzerako hitzorduren bat. Kaxkoan edo Zubietan esaterako.
Inauteriak
Santa Ageda bezpera, aipatu moduan, inauteri giroan ospatuko da oraingoan. Honenbestez, jaialdi bat bestearen atzetik antolatu beharrean aurkituko dira ikastetxeak. Otsailaren 4ko baserritar jantzia kendu orduko, biharamunean eskainiko dituzten ikuskizunetarako mozorroak jantzi beharko dituzte. Otsailaren 5ean aurten, ikasleen inauterietako emanaldiak.
Inauteri Festa
Eta ikasleen ostean, herritarren txanda otsailaren 6an. Inauteri Festa handia ospatuko da Usurbilen. Lanbide edo ofizioen inguruan mozorrotzea proposatzen dizuegu hilabete barru. Hasi jantziak prestatzen.
Egutegia
-Urtarrilak 19, asteartea: Donostia Egunaren bezpera. Danborradak ikastetxeetan.
-Otsailak 4, osteguna: Santa Ageda bezpera.
-Otsailak 5, ostirala: Inauteri festak ikastetxeetan.
-Otsailak 6, larunbata: Inauteri Festa Usurbilen.