Bilboko larunbateko manifestaziora, harriak mugitzera joateko deia

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 8a, 11:00

Larunbat honetan, urtarrilaren 9an 17:00etan, Baionan bezala, euskal preso, exiliatu eta deportatuen eskubideen alde Sarek Bilbon deitua duen mobilizaziora joateko deia egin dute. Autobus zerbitzu bikoitza antolatu da Usurbilen. Izen emateko azken orduak dituzue, honako hauek:

Urtarrilak 9, larunbata

10:30 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik Bilbora. Izen ematea: Irrati tabernan.

15:00 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik Bilbora. Izen ematea: Zendoian, Bordatxon, Txiribogan eta Aitzagan (tabernan eta elkartean).

17:00 "Mugi daitezen harriak" mobilizazioa, Bilboko Kasillatik abiatuta. Udaletxe parean amaituko da.

Ondoren, itzulerako autobus zerbitzua Usurbila.

Azkena izatea espero dute

Larunbateko mobilizazioaren inguruko zehaztasunen berri eman dute gaur antolatzaileek. "Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde" aldarripean egingo den mobilizazioa, larunbat arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bilboko Kasillatik udaletxerantz.

Urtarrilaren 9an, Baiona eta Bilboko kaleak, herritarrez, aldarrikapen, ilusio eta esperantzaz betetzeko deia egin dute. Euskal presoak etxeratzea eskatzeko egingo den mobilizazio hau, azkena izateko desioa ere agertu dute.

Mobilizazioko pankarta aurpegi ezagunek eramango dute; besteak beste, Rosa Roderok (Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunak), Fermin Muguruza musikariak, EHU-ko irakasle Iñaki Lasagabasterrek, Inaxio Kortabarria futbolari ohiak, PSE-ko ordezkari ohi Gemma Zabaletak, edota Juan Mari Olano preso ohiak.

Manifestazioaren aurretik, egunean zehar, karpa gunea egongo da Areatzan. Denetariko ekimenak iragarri dira bertan.

Bestalde, antolakuntzak zabaldu nahi izan duen oharra. Gogoan izan, iaz mobilizazioan bildutako dirua konfiskatu zuela Guardia Zibilak. Aurten, bost pertsona ezagun hautatu dituzte gastuei aurre egiteko diru bilketaz arduratzeko: Lokarriren kooardinatzaile ohi Paul Rios, Bizkaiko Abokatuen Elkarteko kide Nazario Oleaga eta Juan Mari Vidarte, eta Juan Daniel Barandiaran eta Felix Cañada abokatuak. Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, mobilizazioan zehar diru bilketa egingo duten bolondresek peto horia eta Sareren logoa izango dute.

Informazio gehiago: bagoaz.eus eta sare.eus

Usurbildarren atxikimendua

Aurreko igandean 1.800 kiloko harria mugituz egin zuten "desapiyua"ren bidez, usurbildarrek ere bat egin zuten larunbaterako deituak dauden mobilizazio hauekin. "Maite ditugu eta etxean behar ditugu! Horregatik "desapiyua" hasi besterik ez da egin, Mugitu Ditzagun Harriak! Urtarrilak 9an guztiok Bilbo eta Baionara!", deitu dute.