Emozioak partekatzeko konfiantza gunea. Kritika edo epaiketatik libre dagoena. Barrua askatu, eta bizkar gaineko motxila arintzeko lagungarria. Eta baliagarria, norberak berea burua ezagutu eta besteengandik ikasteko. Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak, emakumeei zuzenduta, azken urteotan antolatu izan diren Pepa Bojok bideraturiko ahalduntze saioek honetarako eta askoz gehiagorako ematen dutela diote, orain arte ekimenotan parte hartzen aritu diren Josune Estella eta Garbiñe Zaldua herritarrek. Emakumeak urtarrilaren 21ean abiatzekoa den ikastaro berrian izen ematera animatzen dituzte.
Nolatan animatu zineten ahalduntze ikastaroetan parte hartzera?
Garbiñe Zaldua: 2013-14 ikasturtean hasi nintzen kasualitatez. NOAUA!n tailerraren izenburua irakurri eta atentzioa deitu zidan. Parte hartzen hasi nintzen. Adin guztietako emakumeak ginen. Hasieran harrituta nengoen. Saio bateko kontua izan zen ordea. Pepa Bojo ezagutu eta esaten zuenak lotu ninduen tailerrera hasieratik. Bi urtez egon naiz. Deskubrimendu bat izan da neuretzat.
Josune Estella: Niretzat baita. Lehenengo tailerraren amaieran hasi nintzen, ahizpak animatuta. Probatzeko hasi nintzen, eta hiru urte pasatxo daramatzat.
Ikastarook arrakastatsuak suertatu dira hasieratik.
J.E.: Bai, eta batez ere emakume ezberdinak ikustea harrigarria da. Inguruko herrietatik ere etorri izan dira. Horrek dena esaten du.
Zer lanketa mota egiten duzue?
J.E.: Gai desberdinak lantzen dira. Hastear den ikastaroan, autoestima eta emozioak landuko dira. Badakigu emakumeon autoestima nolakoa den, gure heziketa eta bizitzagatik. Orain arte, beste gai batzuk ere landu dira; ezkutatu ohi dugun dolua nola egin, zer eta nola komunikatu… Tresnak lantzen dira. Teoria ematen da, apunteen bidez. Eta gero, askotan praktika egiten dugu. Daramagun motxila arintzen laguntzen du. Barrua hustu eta gauzak ateratzeko lagungarria da.
G.Z.: Meditazioa ere landu genuen, egunerokoa bizitzeko pautak, etorkizunari begira egon gabe.
Ikastaro hauen bideratzaile Pepa Bojo, nola aurkeztuko zenigukete?
G.Z.: Pertsona berezia da, oso irekia, alaitasuna transmititzen dizu, energia oso ona duen pertsona da. Saioetan teknika ezberdinak nahasten ditu; dantza, masajea... Maitagarria da eta gustura gaude.
J.E.: Konfiantza helarazten du, pertsona positiboa da. Duzun onena ateratzen du, epaitu edo kritikatu gabe. Ondo sentitzen zara. Beti irribarretsu dago, beti ulertua sentitzen zara berarekin. Gai hauek lantzeko oso profesional ona da. Beti laguntzeko prest dago.
Ikastaroan, taldean zaudete baina bakarkako lanak izango du lehentasuna. Nola uztartzen dira bi lanketak?
G.Z.: Lan pertsonala da, baina ondokoak dioena ere iristen zaizu. Ondoan dagoena zure ama izan daiteke, eta berak esaten dituenarekin, agian alabaren paperean jar zaitezke eta hobeto uler dezakezu zure ama. Neuretzat horregatik da aberasgarria.
Abiatzear den ikastaroa, nori aholkatuko zenioke?
G.Z.: Adin guztietako emakumeei, denentzako baliagarria da esperimentatzeko, deskubritzeko.
J.E.: Edozein emakumeri. Benetan pentsatzen dugu beharrik ez dugula, baina oso ondo etortzen zaigu. Zuk bizi edo sentitzen duzuna besteekin partekatzeko gune bat da. Eta beti dugu ikasteko besteengandik.
Argi denez, ikastaroak eragiten du norbere bizimoduan?
G.Z.: Hori da helburua. Teorian ez geratzea, praktikan jartzea. Praktikan edozein esparrutan jar daiteke. Norberak bere buruarekin, familian, lagun artean, lantokian…
J.E.: Asko ikasten da besteen lekuan jartzen.
Autoestima eta ahalduntze tailerra
Bideratzailea: Pepa Bojo, psikologo eta psikoterapeuta.
Zehaztasunak: “sexu/genero sistema aztertu eta emakumezkoen autoestimuaren eraikuntzan duen eragina aztertuko da. Helburu orokorra, emakumeen autogestioa, independentzia eta autoestimua sendotzea da, eta beraien barneko desio, sormen eta senarekin konektatzeko gaitasuna garatzea eta/edo indartzea”.
Saioen egutegia: ostegunero, urtarrilaren 21etik martxoaren 17ra.
Ordutegia: 17:00-19:00.
Tokia: Bake Epaitegi atzeko lokala.
Izen ematea: urtarrilaren 18ra arte, 943 377 110 edo parekidetasuna@usurbil.eus.
Nori zuzendua: autoestimua indartu eta norberaren autoezaguntzan sakondu nahi duten 16 urtetik gorako emakumeei.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala, Parekidetasun Saila.