Asier Illarramendi eta Diego Reyes Errealeko jokalarien eskutik, txotx denboraldiaren hasiera ostegunean Saizarren

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 11a, 12:51

Sagardo egarriz dagoenarentzako albistea. Eguberriak igarota, hemen da txotx denboraldi berria. 2016koa, ostegun iluntzeko 20:00etan abiatuko du ofizialki, aurten 40 urte beteko dituen Saizar sagardotegiak.

Urtemuga berezi honen bueltan, hainbat aurpegi ezagun gonbidatu ditu urtarrilaren 14ko ekitaldira. Errealeko bi jokalari tartean; Asier Illarramendi eta Diego Reyes. Biek izango dute, sagardo berria probatu eta "Hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" adieraziz, txotx denboraldi berriari ekiteko ohorea.

Pertsona ospetsuak

Aurpegi ezagun mordoa bilduko du hitzorduak. Ekitaldia, Julian Iantzi ETB-ko aurkezle ezagunak gidatuko du. Dantza eta trikitixa doinuen erritmora ospatuko da; horretarako, Kepa Junkerak eta Sorginak dantza taldekoek, haien ikuskizunaren zati bat eskainiko dute. Eta Andoni Egaña bertsotan ariko da.

Pertsona ezagun gehiago biltzea ere espero da. Usurbildarren artean, Udaleko alkate Xabier Arregi, Imanol Agirretxe Realeko jokalaria eta Haimar Zubeldia txirrindularia. Euskal Herrian ezagunak ditugun kultura, kirola eta gastronomia munduko hainbat ordezkari ere bertaratuko dira, Saizarko sagardo berria dastatzera; antolatzaileek prentsa ohar bidez iragarri dutenez, Inaxio Perurena harri jasotzailea; David De Jorge sukaldaria; Donato Larretxea eta Arria V aizkolariak; Oinatz Bengoetxea, Juan Martinez de Irujo eta Rezusta pilotariak; Elena Irureta, Loli Astoreka eta Barbara Goenaga aktoreak; edota Roberto Torres, David Garcia, Jose Garcia eta Unai Garcia Osasuna futbol taldeko jokalariak.

Leku mugatua, erreserbak aurrez

Ostegun iluntzeko irekiera ekitaldia, sagardo berria probatzeko aukera izateaz gain, lagun arteko giro ederreko ospakizuna izatea nahi dute antolatzaileek. Gerturatu eta bertan afaltzen geratu nahi duenak, aurrez egin behar du erreserba. Saizarreko sagardo berria eta afaria, 28 euroren truke dastatu ahalko da. Leku mugatua izango da. Erreserbak egin eta informazio gehiago jasotzeko:

943 373 995

sidreria@sidrassaizar.com

sidrassaizar.com