Sagardoaren Lurraldeak 2016ko txotx denboraldia abiatzeko antolatu ohi duen oihartzun handiko ospakizun eguna izango dugu asteazken hau; XXIII. Sagardo Berriaren Eguna hain zuzen. "Gure sagardo berria" oihukatu eta aurtengo denboraldia irekiz, sagardo berriari lehen tragoxka emateko ohorea oraingoan, Aritz Aranburu surflari zarauztarrak izango du, Hernaniko Zelaia sagardotegian. Aurretik, sagarrondo bat landatuko du Astigarragako Sagardoetxean.
Bestalde, Sagardoetxean bertan aurkeztuko zaizkie hedabideei, txotx denboraldi berriaren inguruko gorabehera guztiak. "Bertan 2015eko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak azalduko dira", iragarri dute antolatzaileek. Tartean, aurreratu digutenez, Sagardoaren Lurraldeak, Hernani eta Usurbilgo Udalekin abiatu asmo dituen proiektuen berri emango omen dute.
Eskualdeko elkarlanean sakontzen
Iazko txotx irekiera ekitaldian, Astigarragako Udalak, Hernani eta Usurbilgoekin sagardoaren inguruan elkarlana sustatzeko asmoa agertu zuen. "Uste dugu garaia dela inguruko herrietan elkarlanean hasteko. Aurten, bai Hernani eta Usurbilekin nahi dugu harreman bat, elkarlan bat egin, herriok dugun aberastasuna partekatu, produktu turistiko erakargarriago bat eta hobeago bat eskaintzeko, etorriko diren bisitari guztiei", zioen orduko Astigarragako alkateak.
Iazko martxoan, 3 urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten hiru udalek; hau da, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgoek, Sagardoaren Lurraldea markapean sartu, Sagardo Bideak sortu, Sagardoetxea Museoan parte hartu eta ekitaldi berriak sustatzeko. Asteazken honetan, Astigarraga-Hernani artean ospatuko den XXIII. Sagardo Berriaren Egunean, Sagardoaren Lurraldeak bai Hernani eta Usurbilekin abian jarri nahi dituen proiektuen berri eman asmo dute, antolatzaileek aurreratu digutenez.
Urtarrilak 13, asteazkena
11:30-12:00 Komunikabideei akreditazioak emango zaizkie Sagardoetxean.
12:00 Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan 2015eko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak azalduko dira.
12:45 Aritz Aranburuk sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeako sagastian.
13:30 Txotx irekierako protokoloa Zelaia sagardotegian: txalapartarien deiarekin batera, sagar dantzak eta sagardogileen soka dantzak gonbidatua kupelera gerturatuko du.
13:45 Zelaia Sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko du Aritz Aranburuk, eta honekin batera, txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko da.
18:00-20:30: Pintxotx Astigarraga eta Hernaniko tabernetan.
21:00: Talde kulturalen afariak Rezola sagardotegian.
Aritz Aranbururen eskutik
Surflari zarauztarrak emango dio hasiera asteazkenean, 2016ko txotx denboraldiari. Tradizio luzea duen ekitaldi entzutetsu honetan parte hartu dute aurreko urteetan:
1994, Andoni EGAÑA bertsolaria.
1995, Jose Mari BAKERO futbolaria.
1996, Javier CLEMENTE entrenatzailea.
1997, Julian RETEGI pilotaria.
1998, Miguel INDURAIN txirrindularia.
1999, Juan Mari ARZAK sukaldaria.
2000, Pedro Miguel ETXENIKE fisikaria.
2001, Joane SOMARRIBA txirrindularia.
2002, Martín FIZ lasterkaria.
2003, Abraham OLANO txirrindularia.
2004, Periko, Mikel y Xabi ALONSO.
2005, Ainhoa ARTETA sopranoa.
2006, Jose Luis KORTA arraunlaria.
2007, Juan MARTINEZ DE IRUJO pilotaria.
2008, Andoni LUIS ADURIZ sukaldaria.
2009, Aimar OLAIZOLA pilotaria.
2010, REAL SOCIEDAD DE FUTBOL futbol taldea.
2011, Karlos ARGUIÑANO sukaldaria.
2012, Julian IANTZI aurkezlea.
2013, LA OREJA DE VAN GOGH taldea.
2014, KALAKAN taldea.
2015, LOREAK pelikulako protagonistak.