Maila handiko margolariak, Gure Pakea eta Arrate elkarteetan

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 12a, 07:57

Artistez inguratuak gaude, baina sarritan haien sortze lanak ez gara ezagutzera heltzen. Horren erakusle, Artzabalen asteotan ikusgai ditugun Usurbilgo Gure Pakea eta Aginagako Arrate elkarteetako pintura ikastaroetako taldeen margolanak. Usurbildarrenak erakusgai jarri dituzte azken asteotan. Aste hasieratik zintzilik daudenak, Aginagako taldearen sortze lanak dira. Goiko irudian dituzue egileak, behekoan, Gure Pakea Elkartekoak. Jasone Irigoienek zuzentzen ditu bi taldeak.

Gure Pakea Elkartearen batzarra

Hilabeteko azken ostiralerako deitu du Gure Pakea Elkarteak, urteroko ohiko batzar nagusia. Deialdi bakarra egin dute; urtarrilaren 29rako, arratsaldeko 16:30etan, Gure Pakea Elkarteak Artzabalen duen egoitzako ekitaldi aretoan. Honatx jorratuko dituzten gaien zerrenda osoa:

1-Lehendakariaren agurra.

2-Aurreko biltzar nagusiaren akta irakurtzea eta onartzea, hala badagokio.

3-2015eko memoria irakurtzea eta onartzea, hala badagokio.

4-Honako hauek irakurtzea eta onartzea, hala badagokie:

A-2015/12/31ko diru sarreren eta gastuen balantzea.

B-2015/12/31n itxitako diru egoeraren balantzea.

5-2016. urtean egin daitezkeen aktibitate berrien proposamenak.

6-Galde-erantzunak.