38 lagun izena emanda jada, Irisasi BTT "Hotzak akabatzen" probarako

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 12a, 11:47

Datorren edizioa, urtarrilaren 31n ospatuko da. Goizeko 09:30etan abiatuko dira mendi bizikletako proba honetan parte hartzera animatzen diren kirolariak frontoitik. Haientzat guztientzat, zabalik dago jada izen ematea urtarrilaren 30era arte, kirolprobak.com atarian. 15 euro ordaindu beharko dituzte federatuek, 18 euro federatu gabeek. Astearte goiz honetarako 38 lagunek izena emana zuten jada. Euskal Herri luze eta zabaleko kirolariak dira, apuntatukoen artean. Baita etxekoak ere.

Gogoan izan, hilaren 30era arte zabalik jarraituko du izen emateko epeak. Baina proba egunean bertan, 09:15ak baino lehen ere apuntatzeko aukera egongo da; 22 euroren truke (bai federatu zein federatu gabeek). Proba, 15 urtetik gorakoei zuzendua dago.

Oparien zozketa

Parte hartu asmo dutenek, bi ibilbide izango dituzte aukeran; motza, 25-30 kilometro ingurukoa; eta luzea, 40 kilometro ingurukoa. Antolatzaileek ohartarazi dutenez ordea, "ibilbidea aldatu daiteke, eguraldiaren baldintza eta mendiaren egoeraren arabera". Bidean, asistentzia eskaini eta janari eta edari beroa banatuko da.

Proba amaieran, bizikletak garbitzeko mangerak izango dira, dutxen zerbitzua Oiardo Kiroldegian, Craft markako kirola egiteko kamiseta eta Saizar botila sagardo bana jasoko du partaide bakoitzak, hamaiketakoarekin batera. Opari gehiago irabazteko aukera egongo da, egingo diren zozketetan. Informazio gehiago: andatzamendizale.info

350 lagun iaz

500 partaiderentzako lekua dago Irisasi BTT "Hotzak akabatzen" 2016 proban. Iaz 350 lagun erakarri zituen hitzorduak. Hotz galanta egin zuen, baina egun eguzkitsua suertatu zen. Ia aurten zer nolako giroa egokitzen den. Iazko irudiak, hemen: Irisasi BTT "Hotzak akabatzen" 2015