KMK15 ekimeneko helburu ekonomikoak ere, beteta

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 13a, 08:15

Urriaren 4ko jaialdi erraldoiaren ostean, KMK15 egunaz eta bizi izan dugun urteaz baikor mintzatu ziren antolatzaileak, eguberri aurretik Sutegin deitu zuten ekitaldian. Oso pozik eta esker oneko agertu ziren Udarregi Ikastola eta Usurbilgo Udala, KMK15 ekimena baloratzeko saioan.

Hitzordu honetan bereziki, Gattunk urtearen alderdi ekonomikoa baloratu zuten. Eremu honetako helburuak ere bete dituztela baieztatu zuten, eginiko aurreikuspenak erraz gainditu dituztela. Behin betiko datu ekonomikoak maiatzerako espero dituzten arren, “lortu dugula badakigu” zioten antolatzaileek. Eta lorpen hau izateko, herritarrek eginiko ahalegina eskertu nahi izan zuten. “Diru asko lortu da, zuek guztiok egin duzuen ahaleginari esker”, KMK15-eko ordezkarien esanetan.

Arropa eta errifa salmentak, giltzarriak

Dirua bide ezberdinetatik jaso da. Aipatzekoak, urtean zehar herritar mordoak arropa saltzeko Gipuzkoan barrena egin dituen txangoak, edota Gattunk Dendak izandako arrakasta. Eta arroparekin batera, saldu diren Gure Zozketako errifak. Hain zuzen, Kilometroak-ek izandako irabaziei batu behar zaizkie, ekimenak jokoan jarri zituen 60.000 euroak. Sariturik ez baita agertu azkenean.

Irabazi ekonomikoei dagokienean, bestelako albiste onik ere izan dute azken aldian, ikastolan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak inbertsioetarako eginiko diru-laguntza deialdi batera aurkeztu baitzen Udarregi. Sutegiko ekitaldian baieztatu zutenez, diru-laguntza “onartu zaigu”.

Emaitzokin eskutan, jasotako irabazi guztiokin, mailegua berriz negoziatzeko asmoa dute banketxeekin. Erabakitzeke dute, mozkinen ehuneko zenbat bideratuko duten eraikin berria finantzatzera. Irabazien zati bat ikastolak martxan duen proiektu pedagogiko berrirako ere baliatu nahi baitute.

Urriaren 4a

Kilometroak egunak emandakoa errepasatu zuten baita Sutegiko ekitaldian. 60.000 lagun batu zituen festan, 1.600 lagun aritu ziren auzolanean. “Kopuru oso handia” antolatzaileen esanetan. Eguneko irabaziei dagokienez, “ekonomikoki eutsi” zitzaiola adierazi zuten, “aldez aurretik eginiko gastuen kudeaketa zorrotzari esker”. Egunean zehar ospaturiko ekitaldiei dagokienez, Erronka nabarmendu nahi izan zuten. Gipuzkoako 24 ikastoletatik 21-ek parte hartu zuten, 450 bat ikasleek guztira. “Arrakasta handia” izan zuen.

Baikor agertu ziren baita, hiru zehar lerroen inguruan eginiko lanketaren emaitzekin; urriaren 4ko festan sortutako hondakinen %91 gaika biltzea lortu zen. 7.750 kg guztira. 400 bat lagunek parte hartu zuten bizikleta martxan. Iturriko ura edatea ere sustatu zen lehen aldiz. Parekidetasunari dagokionez, eraso sexisten aurkako protokoloa landu eta prestatu zen urriaren 4rako, baina antolatzaileen esanetan, jai orduetan protokoloa ez zen aktibatu beharrik izan. Eta inklusibitateari dagokionez, aipatzekoa denongan eta denontzat prestaturiko zirkuitua, eta urriaren 4an antolaturiko hainbat ekimen. Baloreotan urratsak eman direla diote, bai ikastolan, jaian eta herrian. Hezkuntza komunitatea trinkotuagoa dagoela, ikastolaren eta Udalaren arteko harremanak sendotu direla eta elkarlanerako ate berriak ere ireki direla erakundeekin.

“Lanketarekin segi beharra dago”

Begi bistako ekarpena egin dio KMK15-ek Usurbili. Xabier Arregi alkateak zioenez, herri izaera sendotzea ekarri du KMK15-ek. Udalerritik kanpora baloreetan oinarrituriko herri marka egokia “saltzea”, “aukera baliatzen jakin dugu” antolatzaileen esanetan. Balio egokiak indartu eta desegokiak neutralizatu dira eta ikastola, “herrigunean jartzeko balio izan du”, gaineratu zutenez.

Lanketa honek guztiak, etorkizunerako oinarri on bat utzi duela, eta orain, ereindako horretan sakontzea egokitzen dela azpimarratu zuten. KMK15 urtea joan zaigu, baina orain arte eginiko lanketa ez dute amaitutzat eman nahi. “Lanketarekin segi beharra dago, iraunkorrak izan behar dugu”, zioten Sutegiko ekitaldian. Eta bide horretan, herritarrak bidelagun behar zituztela gogorarazi zuten. “Ildo hauetan sakondu eta gure egunerokotasunean txertatzeko, zuen parte hartzea beharko dugu”, gaineratu zuten.