Akordioa 04/08 sumarioko epaiketan, Marisa Alejandro eta gainerako auziperatuak ez dituzte espetxeratuko

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 13a, 13:29

04/08 sumarioan auziperatua zegoen Marisa Alejandro usurbildarrak eta Ezker Abertzaleko beste 34 kideak ez dituzte espetxeratuko, abian zen epaiketako aldeak, Fiskaltza, defentsa, eta herri akusazioak (AVT eta Dignidad y Justicia), adostasunera heldu baitira. Auziperatuek ere bat egin dute akordio honekin. Legearen aurka jardun izana onartu eta indarkeriazko jarduera ororen aurkako konpromisoa azaldu dute. Aitortza hau, biktimen oinazearen erreparaziorako balio izatea espero dute. Aitortza honen ondorioz, urtebete eta sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorrak eta inhabilitazioa ezarri zaizkie auziperatuei.

Gogoan izan, Fiskaltzak hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen zuela auziperatuentzat. eta esandakoa, honenbestez, ez Marisak ezta gainerako auziperatuek ere ez dute espetxera joan beharrik izango. Honatx hedabideen arabera, auziperatu bakoitzari ezarri zaizkion zigorrak. Marisari bi urteko zigorra ezarri diote:

-Urtebete eta 6 hilabeteko zigorra eta inhabilitazioa: Haizpea Abrisketa, Jesus Agirre, Egoitz Apaolaza, Alazne Arozena, Karmele Berasategi, Nekane Erauskin, Antxon Gomez, Iñaki Olalde eta Juan Carlos Ramos.

-Urtebete eta 8 hilabeteko zigorra eta inhabilitazioa: Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Díaz, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Ino Galparsoro, Mikel Garaiondo, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Aurore Martin, Patxi Urrutia eta Joseba Zinkunegi.

-Bi urteko zigorra eta inhabilitazioa: Marisa Alejandro, Angel Mari Elkano, Marije Fullaondo, Jon Garai, Gorka Etxeberria, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Joana Regueiro, Arantza Santesteban eta Mikel Zubimendi.

Akordio honekin, abenduaz geroztik San Fernando de Henaresen (Madril) abian zen epaiketa, amaitu berri da honenbestez.

Epaiketa amaitu eta auzitegi atarian, poztasuna nagusi, Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak zioenez, helburua bete delako; alegia, inor espetxera ez joatea. Goizean adostu den akordioak, etorkizunean salbuespen legedien ezarpenarekin amaitzeko balio izatea espero duela gaineratu du.