Seguran 2007ko urriaren 4an izandako polizia operazioaren haritik dator, 04/08 sumarioari lotuta, asteotan Madrilen izan eta akordio batekin amaitu berri den epaiketa. Ezker Abertzaleko 23 lagun atxilotu zituen polizia espainiarrak duela 7 urte pasatxo Goierriko udalerri horretan, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. Batasunaren mahai nazionala berriro osatu izana leporatu zitzaien. 23 lagunon etxeak eta EHAK alderdiaren egoitza miatu zituzten.
Marisa, Espainiako Poliziak Donostian duen egoitzan izan zuten lehen gauean. Biharamunean, EHAK-k Belartzan zuen bulegoko miaketara eraman zuten. Gero Usurbila ekarri zuten, bere etxea miatzeko. Atxiloketok salatzeko mobilizazio ugari burutu ziren garai hartan, bai Usurbilen, baita Euskal Herri mailan ere; tartean, jarraipen zabala izan zuen ordubeteko lan uztea egin zen.
Egun haietan Soto del Realen espetxeratu zuten Marisa. Ia 3 urte izan zuten preso, 2010eko apirilaren 15ean, bera eta polizia operazio berean atxiloturiko beste 9 lagun bermepean aske utzi zituzten arte. Aske geratu eta ia 6 urtera epaitu dituzte Marisa eta Ezker Abertzaleko beste 34 lagun.
Hainbatetan atzeraturiko epaiketa
Epaiketa behin baino gehiagotan atzeratu da. Hain zuzen, berez duela urtebete hastekoa zen, 2015eko urtarrilaren 12an. Baina egun horretan, Bilbon euskal presoen eskubideen alde izandako manifestazioa egin berritan, euskal abokatuen aurkako polizia operazioa izan zen. Ezker Abertzaleko hainbat auziperaturen defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatu atxilotu zituzten eta epaiketa bertan behera geratu zen. Hasieran bi astez atzeratu zuten, eta bi aste igarota gauza bera gertatu zen. Eta atzerapen gehiago izan da gerora, epaiketa abendu hasieran abiatu zen arte.
Lehenago bezala, azken urte honetan ere, hainbat mobilizazio burutu dira herrian, epaiketa politikoak behin betiko amaitzea, auziperatu guztiak libre uztea eta espetxeratze gehiagorik ez izatea eskatzeko. Usurbildarrek, hainbatetan adierazi diote babesa eta elkartasuna Marisari eta gainerako auziperatuei. Eta hainbatetan salatu dute, amaitu berri dena, auzi politikoa izan dela. “Euren delitu bakarra 2005-07 artean, bere eskubide politiko eta zibilak erabiliz lan politiko, publiko eta instituzionala egitea da”, duela urtebeteko agerraldi batean adierazi zenez:
2015/1/18: herritarren agerraldia Mikel Laboa plazan.
2015/2/6: Usurbilgo EHBildu eta EAJ-PNVren agerraldia Sutegin.
2015/11/28: Marisa eta Aitzaga libre ekitaldia