Sagardoaren Lurraldeak, elkarlanean sakontzeko apustua berretsi du

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 13a, 12:00

Txinpartatsua, kolore ilunxeagoa duena, aroma garbikoa, ukitu goxoduna. Halakoxea omen dator aurtengo sagardo berria, inguruko sagardotegietan kupeletik dastatu ahalko dugun edaria. Uzta benetan emankorra izan omen da, bereziki aurreko udaberria euritsua izan baitzen. Guztira, 13 milioi litro sagardo edateko aukera egongo da datozen hilabeteotan.

Hala adierazi dute, asteazken eguerdi honetan Astigarragako Sagardoetxean ospatu den 23. Sagardo Berriaren Egunean. 2016ko txotx denboraldiaren nondik norakoen berri eman dute, geure inguruan, Euskal Herrian nahiz nazioartean sagardoaren kultura sustatzeko elkarlanean jarduteko beharra azpimarratzearekin batera.

Elkarlan horren baitan, sagardoaren eskualde honetarako iragarri dute ekimenik; Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo Udalen eskutik, erakusketa ibiltari bat antolatu dute apirilerako. Ez da eskuartean duten egitasmo bakarra. "Sagardo bide" berriak martxan jartzeko lanetan ere ari dira.  Eguerdiko aurkezpen ekitaldiaren laburpen eta aurrerapen gisa, albiste honi atxikita doakizuen bideoa.

Aritz Aranburu surflari zarauztarrak izan du txotx denboraldiari ekiteko ohorea. Prentsaurrekoan parte hartzeaz gain, sagarrondo bat landatu du, Astigarragako Sagardoetxe atarian.