"Sagardo ibaiak, bizitza iturri", sagardoaren eskualdeak landutako proiektu berria

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 14a, 11:40

23. Sagardo Berriaren Egunean, edo bestela esanda, 2016ko txotx denboraldia ofizialki abiatzeko, asteazkenean Astigarragako Sagardoetxean izandako aurkezpen ekitaldian nabarmendu zenez, sagardoaren eskualde honetan erakundeen arteko elkarlanean sakondu nahi da.

Gogoan izan, iazko martxoan, 3 urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo Udalek, Sagardoaren Lurraldea markapean sartu, Sagardo Bideak sortu, Sagardoetxea Museoan parte hartu eta egitasmo berriak sustatzeko.

Testuinguru honetan, lehen proiektua jada aurreratu digute; Astigarragako Sagardoetxeak bertako udalarekin, Hernani eta Usurbilgoekin, eta Donostiako Aquarium-arekin batera elkarlanean landu duten "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" egitasmoa. Apirilean inauguratuko den erakusketa ibiltaria dugu. Beste udalerrien artean, Usurbilen ere bisitatu ahalko duguna.

Urumea eta Oria ibaiak, balorean jartzeko apustua

Oria eta Urumea ibaien iraganak, sagardoaren inguruko hainbat sekretu ezkutatzen omen ditu eta horiek aireratzera doaz udaberrian gure artean izango dugun erakusketa honetan.

Udal, probintzia eta estatuko artxiboetan eginiko ikerketen emaitza da "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" egitasmoa. Orain arte ezezagunak ziren hainbat datu interesgarri eta bitxiez bilduma. Aipaturiko bi ibaiok, "bi bailara hauetako bizilagunen komunikazio eta harreman ekonomikoen antolaketan eta Gipuzkoako garapen historikoan berebiziko garrantzia izan zutela erakutsi digute", Astigarragako Sagardoetxetik aipatu digutenez.

Antza, Oria eta Urumea, "aintzinan Gipuzkoak izan zituen bi bizitza iturri nagusiak eta bere bizilagunentzako aberastasunaren iturri izan ziren. Une batzuetan, gainera, gune aurrendariak eta puntako teknologiadunak izan ziren eta beren ur-bazterrak istorio ugari eta askotarikoen lekuko izan ziren, esaterako: XVIII. mendeko langileen greba, Ergobiako bidesarian ordaindu behar zen tasa, itsasoa eta portuekin erlazionaturiko zenbait ogibidetan soldataren zati bat ordaintzeko sagardoa erabiltzea, Astigarragako alkate bizargina eta Murgiako Jaunen haserrea, Ignacio de Soroa untzigile usurbildar ospetsuaren amodio-kontuak...".

"Sagardo Bide" berriak lantzen

Apirilean inauguratuko duten erakusketa ibiltaria, sagardoaren eskualdea zeharkatzen duten Oria eta Urumea ibaien "ahalmen turistiko eta kulturala" balorean jartzera dator. Erakusketa antolatzeko lanean dihardute, egitasmo honen atzean dauden erakundeek; tartean, Usurbilgo Udalak. Baina honez gain, badute eskuartean bestelako proiekturik ere; esate baterako, Sagardoaren Lurraldea ezagutzeko "ibilbide tematiko edo "Sagardo Bide" berriak martxan jartzeko lanetan" dihardute.