Usurbil, Hernani eta Astigarragak sagardoaren kultura elkarlanean sustatzen segitzeko hartua duten konpromisoaren erakusle, ondoko irudia. Sagardoaren Lurraldeko kide diren hiru udalerrietako alkateak dituzue argazkian, sagardo basoa eskutan dutela, asteazkenean Hernaniko Zelaia sagardotegian ospaturiko 23. Sagardo Berriaren Egunean; Usurbilgo alkatea, Xabier Arregi; Astigarragakoa, Jesus Mari Santos; eta Hernanikoa, Luis Intxauspe. 3 udalerriek iaz sinatu zuten, eremu honetan elkarlanean jarduteko 3 urterako hitzarmena.
Lankidetza hitzarmena
Sagardoaren Lurraldea markapean sartzea, Sagardo Bideak sortzea, Sagardoetxea Museoan parte hartzea eta ekitaldi berriak sortzea. Lau puntu hauen inguruan elkarlanean jardungo dute aurrerantzean, Hernanik, Usurbilek eta Astigarragak. Iazko martxoan sinatu zuten 3 udalerriotako alkateek, sagardoaren kultura sustatzea helburu nagusi izango duen hiru urtetarako elkarlanerako hitzarmena.
Eskaintza zabaltzeko bideak
4 urteko prozesuaren ostean zetorren, hitzarmen sinaketa hau. Aipatu moduan, Sagardoaren Lurraldean integratu, sustatu eta komertzializatuko da aurrerantzean, Astigarragarekin batera, Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturako eskaintza turistikoa. Udal bakoitzak Sagardoaren Lurraldetik kudeaturiko erreserben zentrala izango du, bere esperientzia eta sagardotegietarako erreserbak online sustatzeko. Honez gain, bide ezberdinotatik jaso ahalko dugu eskaintza guztiaren berri:
facebook.com/Sagardoarenlurraldea
Newsletterrak bidaliko dituzte.
Promozio kanpainak.
Kazetarien harrera.
Sagardo Bideak sortzea
Astigarragako eta Santiagomendiko baserrien historia, bertakoen bizimodua, Santiago Bidea, eta sagardoaren kultura erakusten ditu Astigarragako "Santiagomendiko Sagardo Bidea"k. Bide hau erreferentzia gisa hartuta, Hernanin eta Usurbilen ere Sagardo Bideen sorrera sustatuko da. Eta hauek gauzatzean, hiru udalerrien arteko bideak lotu nahi dira.
Sagardoetxea Museoan parte hartzea
Astigarragan kokatua dagoen Sagardoetxea Museoan bere txoko propioa izango dute aurrerantzean, Usurbilek eta Hernanik. Etorkizunean, Sagardoetxera gerturatzen denak, hiru udalerriotako sagardoaren kulturari loturiko azalpenak jasoko ditu. Gainera, sagarra eta sagardoan berezituriko Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroan jasota geratuko da, Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturarekin erlazionaturiko dokumentazioa. Eta dokumentazio hau guztia kontsultatzeko zerbitzua eskainiko da. Dokumentazio hau erabiltzeko eskuragarri izango dute hiru udalek.
Ekitaldi berriak sortzea
Horien artean, "Sagardoaren Lurraldea ezagutuz" ibilaldia. Hiru udalerriak lotuko ditu eta urtero, apirileko azken igandean ospatuko da.
Irudia: Sagardoaren Lurraldea.