Amaitu berri den 2015. urtean zehar, Usurbilgo langabezia eta kontratazio datuak biltzen aritu gara hilero. Zenbaki asko izanik, garrantzitsuenak ondorengo taula hauetan jaso ditugu.
Usurbil, Buruntzaldea, eta Gipuzkoako langabeziak iaz izandako bilakaera ikus dezakezue tauletako batean. Beste bietan, udalerri honi loturiko datu zehatzagoak; emakumezko eta gizonezkoen artean 12 hilabetez langabezia-tasak izandako gorabeherak. Eta azkenik, kontratazioaren inguruko zifrak; zenbat kontratu erregistratu diren hilero, horietatik zenbat izan diren aldi baterakoak. Eta bertan duzue baita, 2015ean zehar kontrataturiko emakume zein gizonezko kopuruen berri ere.
34 langabetu gutxiago
344 langabeturekin abiatu genuen 2015. urtea, amaitu berriz lanik gabeko 310 herritarrekin. 34 langabetu gutxiago genituen beraz, urtea agurtzerakoan. 12 hilabeteotako bilakaerari dagokionez, aipatu, neguan erregistratu zirela datu ilunenak; otsaila izan zen langabetu gehien erregistratu ziren hilabetea, 347 guztira. Gutxien, uztailean; 306 guztira. Baina abuztuan, 322 ziren. Udako bigarren zatian nabarmen igo zen berriz langabetu kopurua. Udazkenean beherantz segi zuen.
Usurbilgo datuen bilakaera bera izan dute Buruntzaldekoek eta baita Gipuzkoa mailakoek ere. Bailaran, urtarrilean baino 616 langabetu gutxiago zeuden abenduan eta Gipuzkoan, 6.219 gutxiago.
Emakumezko langabetu gehiago, gizonezkoak baino
2015ean irauli ez den errealitatea. Langabetu kopuruak gora eta behera egin zuen iaz, baina hilero erregistratu zen datu bera; Usurbilen ere, gizonezkoak baino emakumezko langabetu gehiago ditugu. Salbuespen bakarra, iraila izan zen; 157 gizonezko eta 158 emakumezko langabetu zenbatu ziren udalerri honetan. Gainerakoan, aldea nabarmenagoa izan da; tarte handiena, 26 langilekoa, ekainean erregistratu zen. Orduko hartan, 144 langabetu gizonezko eta 170 langabetu emakumezko zenbatu zituzten Usurbilen.
Gizonezkoen kontratazioak, emakumezkoena bikoiztu du
Emakumezkoen langabetu kopuruak, gizonezkoena gainditzen du Usurbilen. Alderantzizkoa gertatzen da ordea, kontratazioari dagokionean; gizonezko gehiago kontratatu zituzten iaz lanerako, emakumezkoak baino. Kasu honetan bai, aldea ikaragarria da. 2015eko udan, uztailan eta abuztuan esaterako, gizonezkoen kontratazioak emakumezkoena bikoiztu zuen. Gainerako hilabeteetan aldea txikiagoa izan arren, errealitate bera islatzen dute datuek.
Kontratazioari lotuta aldatu ez den beste ezaugarri bat; kontratu mota. Iazko kontratu ia denak, aldi baterako sinatu ziren. Ondoko datuak, honen guztiaren erakusgarri:
2015eko balantzea
Langabezia Usurbilen, Buruntzaldean eta Gipuzkoan
Hilabeteak | Usurbil | Buruntzaldea | Gipuzkoa |
Urtarrila | 344 | 4.808 | 47.554 |
Otsaila | 347 | 4.760 | 47.038 |
Martxoa | 343 | 4.732 | 46.844 |
Apirila | 331 | 4.652 | 45.788 |
Maiatza | 325 | 4.533 | 44.425 |
Ekaina | 314 | 4.395 | 43.150 |
Uztaila | 306 | 4.321 | 42.247 |
Abuztua | 322 | 4.408 | 42.840 |
Iraila | 315 | 4.391 | 42.772 |
Urria | 309 | 4.371 | 42.478 |
Azaroa | 313 | 4.211 | 41.750 |
Abendua | 310 | 4.192 | 41.335 |
Usurbilgo gizonezko eta emakumezko langabezia-tasa
Hilabetea | Guztira | Gizonezkoak | Emakumezkoak |
Urtarrila | 344 | 165 | 179 |
Otsaila | 347 | 167 | 180 |
Martxoa | 343 | 165 | 178 |
Apirila | 331 | 156 | 175 |
Maiatza | 325 | 155 | 170 |
Ekaina | 314 | 144 | 170 |
Uztaila | 306 | 141 | 165 |
Abuztua | 322 | 157 | 165 |
Iraila | 315 | 157 | 158 |
Urria | 309 | 147 | 162 |
Azaroa | 313 | 152 | 161 |
Abendua | 310 | 143 | 167 |
Langileen kontratazioa Usurbilen
Hilabeteak | Guztira | Aldi baterako kontratatuak | Gizonezko kontratatuak | Emakumezko kontratatuak |
Urtarrila | 361 | 335 | 195 | 166 |
Otsaila | 294 | 271 | 174 | 120 |
Martxoa | 329 | 314 | 181 | 148 |
Apirila | 297 | 269 | 149 | 148 |
Maiatza | 323 | 302 | 183 | 140 |
Ekaina | 370 | 348 | 204 | 166 |
Uztaila | 482 | 463 | 320 | 162 |
Abuztua | 319 | 306 | 211 | 108 |
Iraila | 393 | 379 | 208 | 185 |
Urria | 323 | 302 | 176 | 147 |
Azaroa | 325 | 311 | 172 | 153 |
Abendua | 311 | 293 | 160 | 151 |
Iturria: Estatuko Enplegu Zerbitzua.