Saizar Sagardotegiko hamaikagarren kupela genuen ostegun iluntze honetako arreta gune nagusia; bai hedabideok, baita sagardo zaletuek ere. Kupela honen ondora gerturatu diren bertako nahiz urrutiagoko hedabideak txotx irekierako irudia grabatzeko gogoz ginen, baina gehienak, kupela barruan bildutako sagardo berria edalontzira zerbitzatu eta probatzeko irrikitan. Etxekoekin eta aurpegi ezagun askorekin ospatu nahi izan du Saizar Sagardotegiak gaur iluntzean, 2016ko txotx irekiera ekitaldia. Hirugarren edizioa zen honakoa, aurrekoak baino bereziagoa; sagardotegiak 40 urte betetzen baititu aurten.
Julian Iantzik, Euskal Telebistako aurkezle ezagunak bideratu du, bi izen propio izan dituen inaugurazio saioa; Asier Illarramendi eta Diego Reyes Errealeko jokalariak. Biek izan baitute hamaikagarren kupeletik ateratako sagardoa dastatzeko ohorea. Sorginak taldeko dantzariek Kepa Junkera trikitilariaren laguntzaz aurreskua eskaini eta Andoni Egañak bertsoa bota ostean etorri da hain zuzen, bi jokalariok protagonista izan dituen ekitaldiko une garrantzitsuena. Lehen sagardo tragoa edalontzian zutela, edalontziak altxa eta sagardo berria dastatzeko denboraldia abiatu duten hitz "magikoak ahoskatu dituztenean; "Hauxe da Usurbilgo Saizar sagardo berria!". Hitzok entzunda, berehala hasi da kupeletako "erromesaldia". Eta gero denak afaltzera joan dira. Txotx irekiera ospatzeko festa hasi baino ez baita egin. Ondoko bideoan dituzue ekitaldiak bildu dituen herritar nahiz hainbat aurpegi ezagun.