Antolatzaileen eskertza, Herritar Txartelaren diseinu lehiaketan parte hartu zutenei

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 18a, 12:47

2015eko azken albistea izan genuen; Usurbilgo Herritar Txartel berria diseinatzeko Hurbilago Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuko diseinu lehiaketako irabazleak nortzuk ziren ezagutzera eman zuten, abenduaren 31ko San Silvestre Herri Lasterketa amaieran. Ondoko irudiko bikotearen, Maialen Garagarza eta Joseba Larratxe herritarren "Gertu" izeneko diseinuak irabazi zuen txapelketa. 500 euroko saria irabazi zuten.

18 lan aurkeztu ziren, udaberri honetan esku artean izango dugun txartel berriaren irudia hautatzeko deitua zegoen lehiara. Antolatzaileen aldetik, "gure esker ona adierazi nahi diegu lehiaketa honetan parte hartutako guztiei".

Usurbilgo Udaleko ordezkari batek, Hurbilago Elkarteko bi kideek, eta diseinu edo komunikazio munduan aritzen diren beste bi lagunek osaturiko epaimahaiak 18 lanotatik 3 hautatu zituen. Eta gero, herritarrek 3 lan hauetako baten alde bozkatzeko aukera izan zuten, abenduko lehen hamabostaldian. "Herritarren parte-hartzea benetan bikaina izan da eta guztira 501 boto jaso ditugu", antolatzaileek berri eman dutenez. Honatx bozketaren emaitzak:

-A txartela: 232 bozka (bozken %46).

-B txartela: 218 bozka, (bozken %44).

- C txartela: 51 bozka, (bozken %10).