Errausketaren aurkako taldeek larunbat goizean Zubietan egin zuten batzarraren amaieran, Argiak ateratako irudia duzue honakoa. Eragile eta norbanakoen artean guztira 70 bat lagun bildu ziren. Besteak beste; Hernanin Zero Zabor, Oñati Zero Zabor, Usurbilgo Erraustegia Erabakia taldea, Lasarteko Aire Garbia, Andoaingo Ipar Haizea, Tolosa Zero Zabor, Errausketaren kontrako Koordinadora, medikuen taldea, Zero Zabor IBE, Ekologistak Martxan, Eguzki, Ernai, Irabazi…
Talde guztion arteko elkarlana sendotzeaz, "gizarte eredu berri baten alde ari diren beste mugimenduekiko loturez" eta aurrera begirako mobilizazioez jardun zuten. Honez gain, “Zubieta SOS. Buruaren eta Bihotzaren aldarria” manifestua" ere aurkeztu zuten. Otsailaren 13an biltzekoak dira berriz.
Plataforma berria
Zubietan batzarra ospatu zen goiz berean, Andoainen errausketaren aurkako plataforma berria aurkeztu zuten; Ipar Haizea izenekoa. Bi ekimen deitu dituzte; otsailaren 20rako "Arduraren aldeko giza-katea" 12:00etan Arrate plazan, eta osasunaren aldeko martxa martxoaren 12an, 17:00etan Etxeberrieta plazan.
Ainhoa Intxaurrandietaren hitzaldia
"Errauskailua Gipuzkoan. Ez al genuen, ba, gelditu?" hitzaldia antolatu du Erraustegia Erabakia, erraustegiaren inguruan herri galdeketa egitea eskatzeko sortua den Usurbilgo herri plataformak, urtarrilaren 29rako arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta ariko da hizlari lanetan, antolatzaileek aurreratu digutenez.
"Ainhoa Intxaurrandieta zinegotzia da (EH Bildu) Lezon eta aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren lehendakari izan zen. Intxaurrandietaren agintaldian Zubietako errauskailua bukatutzat utzi zen eta aldi berean bultzada handia hartu zuen Zero Zabor ereduak Gipuzkoan: %70 edo gehiago birziklatzen duten udaletako herritarrak gipuzkoarren %31 izatera iritsi ziren".