Angulak biltzen iaioa zen Juan Jose Olano, 2 egunez desagertua egon ostean, igande goizean Aginagan, Oria ibaian hilik aurkitu zuten usurbildarra, baina ehizan ere trebea. Bat bateko heriotza honen aurrean hain zuzen, Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak oharra kaleratu du; doluminak helarazi nahi dizkiote Olanoren senide eta lagunei. "Goian bego lagun", esanez amaitzen duten oharrean, guztiz hunkituta daudela adierazi dute.
Gogoan dute, usurbildarrak ehizarako zuen zaletasuna. "Olano oso ezaguna zen usakumeen zirkuituan, bere palmaresean, irabazitako Gipuzkoako hainbat kopa ditu, eta hainbat garaipen baita Gipuzkoako Kolombaire Txapelketetan. Honez gain, hainbat denboraldiz, Europako eta Munduko hainbat usoen ehiza txapelketetan parte hartu zuen euskal selekzioarekin".
Aipatzekoa, ohar hau Facebook-en zintzilikatu duela Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak eta, mezua bai ehiztari, baita Juan Josek zituen hainbat lagunen elkartasun eta dolumin mordoa jasotzen ari dela.
Astelehen honetan egitekoak ziren autopsia, igande goizean hilik aurkitu zuten 49 urteko usurbildarrari. Bere aldeko hileta, asteartean izango da.
Ostiral goizaldetik desagertuta
Igande goizean, Aginagan, Oria ibaian aurkitu zuten, ostiral goizaldeaz geroztik desagertua zegoen herritarraren hilotza.
Suhiltzaileak, Ertzaintzaren Urpekaritza etaTxakur Unitateko kideak eta helikoptero bat, Gurutze Gorria eta DYAko boluntarioekin batera aritu ziren larunbat arratsaldeaz geroztik, bilaketa lanetan.
Ostiral goizaldean, angula bila atera omen zen 49 urteko gizonezko usurbildarra eta ordutik ez zuten bere berririk. Agertzen ez zela ikusita, senideek, bere desagerketa salatu zuten larunbat arratsaldean. Bere ibilgailua segituan aurkitu zuten Aginagan. Inguruetan aritu ziren bilatzen. Baita Oria ibaian ere.
Larunbat iluntzean bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak igandean martxan jarri eta ordu gutxira aurkitu zuten gorpua.
Irudia: Gipuzkoako Ehiza Federakuntza.