Danbor hotsak entzuten hasteko gauerdira arte itxaron beharrik ez. Donostia Eguna, gaur ospatuko baita Usurbilen. Udarregi Ikastolaren kasuan, bazkalostean. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek, Agerialden emanaldi bana eskainiko dute. Eguraldi onarekin Agerialde atzeko plazan, baina euritsu esnatu zaigu astearte goiz hau, eta atertzen ez badu, aterpean ospatuko dira ekitaldiok:
Urtarrilak 19, asteartea
Udarregi Ikastolan:
15:45 HH-koen danborrada saioa Agerialden. Eguraldi txarra egingo balu, Agerialdeko patioko aterpean.
16:10 LH-koen danborrada saioa Agerialdean. Eguraldi txarra egingo ablau, Agerialdeko sarrerako frontoi txikietan.
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.
Santa Ageda
Negu parteko ospakizunak, bata bestearen atzetik aurten. Inauteriekin batera egokituko dira oraingoan, otsailaren 4ko ospakizunak. Baserritar jantziekin, Santa Ageda bezperari loturiko koplak abestuz eta eskutan izango duten makila joz, kantu eskean irtengo dira ikastetxeetako ikasle eta irakasleak. Oraindik deialdi ofizialik ez badago ere, herri eragileren bat edo bestek ere deitu dezake otsailaren 4ko iluntzerako hitzorduren bat. Kaxkoan edo Zubietan esaterako.
Inauteriak
Santa Ageda bezpera, aipatu moduan, inauteri giroan ospatuko da oraingoan. Honenbestez, jaialdi bat bestearen atzetik antolatu beharrean aurkituko dira ikastetxeak. Otsailaren 4ko baserritar jantzia kendu orduko, biharamunean eskainiko dituzten ikuskizunetarako mozorroak jantzi beharko dituzte. Otsailaren 5ean aurten, ikasleen inauterietako emanaldiak. Goizean Udarregi Ikastolakoen mozorro desfilea Kaxkotik, eta segidan, 11:00etan Inauterietako ikuskizuna Oiardo Kiroldegian.
Eta ikasleen ostean, herritarren txanda otsailaren 6an. Inauteri Festa handia ospatuko da Usurbilen. Lanbide edo ofizioen inguruan mozorrotzea proposatzen dizuegu hilabete barru. Hasi jantziak prestatzen.
Egutegia
-Urtarrilak 19, asteartea: Donostia Egunaren bezpera. Danborradak ikastetxeetan.
-Otsailak 4, osteguna: Santa Ageda bezpera.
-Otsailak 5, ostirala: Inauteri festak ikastetxeetan.
-Otsailak 6, larunbata: lanbideen inguruko Inauteri Festa Usurbilen.