"Ametsen liburua" aurkeztuko dute, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 21a, 11:30

“426 askatasun gabetuen testigantzak, kartzelako eta erbesteko argazkiak, gutunak, bertsoak, margoak edota 47 euskal artisten artelanak” batu dituzte “Ametsen liburua” izeneko proiektuan. Besteak beste, espetxea edo erbestea ezagutu dutenen usurbildarren ekarpenez osatua dago, Astero argitaletxearen ia mila orrialdeko lan mardula. Urtarrilaren 21ean Sutegin aurkeztuko dute. Proiektu honen inguruko zenbait xehetasun aurreratu dizkigu lerrootan, liburuko koordinatzaile Jokin Urainek.

Zein da proiektu honen abiapuntua?

Jokin Urain: Proiektu honen abiapuntuan galdera sinple bezain konplikatu bat dago: “Presoek zer dute amets?”. Euskal preso politikoen edo askatasun gabetuen, euren bizitzan espetxea edo erbestea ezagutu dutenen ametsak ezagutu nahi genituen, isiltasunean eta itzalpean daudenen ahotsak eta irudiak argitara atera.

Kalean da liburua. Donostian aurkeztu zenutenetik zer harrera izan du?

Donostian azaroaren 21ean egin genuen aurkezpena arrakastatsua izan zela esango nuke; jendea jakinmin handiz joan zen Kursaalera, eta ordutik gaur artekoan ikusi dugu jendeari oso atsegin zaiola liburua. Idatziez gain, irudi ugari ditu liburuak; askatasun gabetuen ametsak margolanen bitartez irudikatu dituzte batzuek, eta espetxe edo erbesteko argazkiak ere ez dira gutxi. Esan nahi dudana da, irakurtzeko ezezik ikusteko ere asko eskaintzen duela liburuak. Kontuan izan 426 euskal preso politiko eta preso ohi, erbesteratu eta erbesteratu ohiren ekarpenak daudela 960 orrialdeko liburu honetan, eta 47 euskal artistarenak gainera. Askatasun gabetuaren ametsa nola irudikatzen duten galdetu genien euskal artistei ere, eta ez da makala izan haien erantzuna ere. Orrialdeak pasa ahala ustekabez ustekabe doa liburua eskuetan hartzen doana, orrialde bakoitza ezberdina da, erakarmen handia du liburuak, eta hori nabaritu dugu aurkezpena egin genuenetik.

Zerrekin amesten dute presoek? Zer ageri da haien sortze lanetan?

Espetxean dagoenak edo noizbait egon denak askatasuna du amets. Baina amets handi horrek osagarri asko ditu, amets txiki asko dago amets handi horren atzean: badira seme jaio berriaren geroarekin amets egiten dutenak, edo gurasoekiko kezkak dituztenak, harreman sortu berri batekiko itxaropenak adierazten dituztenak... Badira biloba txikiari idatzitako eskutitzak, borrokan hildako kideren bati idatzitakoak, espetxeko edo erbesteko esperientziaren bat kontatzen dutenak. Askatasun gabetuaren ametsak aurpegi asko ditu.

Zer ekarpen egin nahi du liburuak?

Liburu hau memoriaren altxorra ere bada, azken 50 urteotako memoriaren atal bat. Espetxearen eta erbesteren bitartez isilarazi eta zentsuratu eta itzalperatu nahi diguten ahotsa, irudia eta memoria ezagutaraztea du helburu liburu honek. Eta iruditzen zait 20 edo 30 urte barru gaur baino are balio handiagoa izango duela alde horretatik. Honelako lanak egiten ez baditugu, belaunaldi mutua izan garela pentsatuko dute gure ondorengoek; ezer ez diegula kontatu irudituko zaie... Gure aurrekoek zer zioten, zer amesten zuten, zer nahi zuten jakin nahi dugu, jakin behar dugu, ezagutu ditzagun eta belaunaldi bat ondorengoarekiko arrotz izan ez dadin.

Ekarpenez ari garela, usurbildarren aportaziorik ere bada liburu honetan. Zertxobait aurreratzerik bai?

Bai, usurbildarrak ere badira ekarpenak egin dituztenen artean. Jose Domingo Aizpurua, Karlos Martin, Patxi Segurola, Xabier Aranburu “Xomorro” eta Olatz Altuna behintzat bai; Olatzek alabari idazten dion gutuna, benetan gutun ederra, epe laburrerako ametsa ere adierazten duena, epe laburrerako amets txiki-handia espetxean dagoenarentzat. Karlosena ez da gutxiagorako, hunkigarria da, urragarria ere bai...

Usurbildarrek ere parte hartuko dute aurkezpen ekitaldian ezta?

Hainbat herritan aurkezpenak egiten ari gara, eta iruditzen zaigu garrantzitsua dela herri horietan bertako parte hartzaileak izatea; alegia liburuan agertzen direnek edo nahiz liburuan parte hartzaile ez izan espetxe edo erbestetik igaro direnek aurkezpen horietan parte hartzea. Liburu hau eta liburu honen edukia herritarrengana hurbiltzeko bitartekari egokienak herritarrak dira, espetxeratuen edo erbesteratuen ametsak ezagutzen dituzten herritarrak, eta Usurbilek badu horretatik aukera, zorionez edo zoritxarrez.

Gainerakoan zertarako baliatu nahi zenukete urtarrilaren 21eko ekitaldia?

Usurbildarrek edo ingurukoek, jakinmina leukakeen edozeinek, liburuko edukiaren berri jakin dezan baliatu nahi genuke ekitaldia. Eta orain artean ikusteko aukerarik izan ez dutenek liburua ikus dezaten, barruan zer daukan ikus dezaten. Baita galderaren bat leukakeenari erantzuten saiatzeko ere. Memoria kutxa hau ahalik eta jende gehienarengara helarazteko baliatu nahi ditugu aurkezpen hauek, eta Usurbilgoa ere bai, jakina. Gure aldiko askatasun gabetuen ametsen aldarria egin behar dugu, ezin ditugu isilpean eta ezkutuan gorde eta ahaztu gure ilusioak, gure ametsak. Ametsak bultzatzen gaitu bizitza honetan, eta aldarrikatu egin behar ditugu egia bihurtuko baditugu.

Liburua salgai, aurkezpen egunean

Eguna: urtarrilak 21, osteguna.

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Hizlariak: liburuan parte hartu duten Usurbilgo preso eta preso ohiak eta Jokin Urain liburuaren koordinatzailea.

Bideoa: liburuan parte hartu duten preso, deportatu eta errefuxiatu baten ahotsak.

Oharra: liburua, bertan ikusgai eta salgai izango da.

Informazio gehiago eta liburua erosteko aukera: ametsenliburua.info

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.