Berria Beka deialdia, hedabideei loturiko proiektu berriak sustatzeko

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 21a, 08:10

Euskara, hedabideak eta teknologia berriak kontuan hartuko dituen proiektu berriak sortu eta abiatzeko, hirugarren Berria beka antolatu du Berria Hedabideen Fundazioak, Berria Taldearen eta Laboral Kutxaren laguntzaz.

"Berria Bekaren bidez enpresa, hedabide edo bestelako proiektu berriak sortzea lortu nahi da. Euskarazko hedabideen eremuan, komunikaziorako egitasmoa izan beharko du, teknologia berrietan oinarritua: komunikazio proiektu edo enpresa ere izan daiteke", argitu dutenez.

Banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da. Aurkeztu beharrekoa: egilea edo egileen curriculum laburra eta proiektuaren azalpen txostena. Proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango dira, baina guztiak apirilaren 1a  baino lehen. Beka eman ondoren, gehienezko urte beteko epea izango da proiektua garatzeko.

Irabazleak egitasmoa abiatzeko 12.000 euroko laguntza jasoko du. "Era berean, BERRIA Taldeak dituen baliabideak erabili ahal izango ditu, eta, proiektuaren helburua enpresa bat sortzea bada, egileak horretarako Laboral Kutxaren Gaztenpresa Fundazioaren laguntza izango du, nahi izanez gero", beka honen deitzaileek ohartarazi dutenez.

Hirugarren edizioa da honakoa. Aurreko bietan, Berria Fundazioak, Antxeta Irratiaren "Uhinbak" (euskal irrati lokalak sakelakoan) eta Oihana Etxebarrieta Legrande eta Eider Olazar Elduaienen "Emakumeok kazetarion agendan: euskal emakume adituen biltoki digitala", proiektuak lagundu ditu.

Berria Beka deialdiari buruzko informazio gehiago, esteka honetan: http://www.berria.eus/fundazioa/