Udalerri barruko bizikleta bideen sarea osatzen ari da Usurbilgo Udala. Egunotan jabetuko zineten, Bordatxo ondoko errotondatik Puntapax alderako bide ertzeetan, margoketa lanetan dabiltza. Aipatu moduan, bizikleta bideak margotzen ari da Usurbilgo Udala.
Gernika etorbidekoaren segida
Urrats berri bat da honakoa, Usurbilgo herri barruko bizikleta bideak zabaltzera datorrena. Aurreko udaberrian, Udarregi Ikastola ingurutik Bordatxo ondoko errotondarainoko eremua egokitu zuten; Gernika etorbidekoa alegia.
Ikastolatik jaisten den bide berria, Kiroldegi atari paretik igaro, errepidea gurutzatu eta anbulatorio ondoko aparkalekutik behera dator. Bide berriak, Gaztañaga pareko aparkalekuaren zentzua aldatzea ekarri zuen. Ordutik autoek ilaran aparkatzen dute, eta kontuz ibili, lurrean margotuak dauden marrek argi adierazi bezala, ondotik pasatzen baita bizikleta bide berria.
Bizikleta bide zati hau Mikel Laboa plaza ondoko errotondaraino heltzen zen. Errotondaren bueltan, lurreko eremu bat berdez margotu zuten, ondoan, bizikletaren irudia duen seinale bat zuela. Autoek ezin dute eremu berde hau zapaldu. Gune honetatik kanpoko bide zatitik ibili behar dute. Eta kontuz, ibilgailuek bizikleta erabiltzaileekin partekatu beharko baitute bide zati hau. Bizikleta erabiltzailerik baldin bada errotondan, lehentasuna bizikleta gainean doanak izango du, eta honenbestez autoek atzetik segi beharko dute.
Orain, Udala Mikel Laboa plaza ondotik Puntapaxerako zatia egokitzen ari da bizikleta erabiltzaileentzat. Baina bideon sarea zabalagoa da, Usurbilgo Udalaren mapa honetan ikus dezakezuenez. Bertan margotuak dituzue kolore ezberdinez, Kaxkoan aurreikusiak dauden bizikleta bideak. Gorriz inguratua dagoen errotondatik gora, berdez ageri den bide zatia da egunotan egokitzen ari direna: