Dominaka Agergarairi omenaldi sentikorra larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 22a, 03:30

“Jaialdiko goxotasunean, seguru gaude gertu sentituko dugula”. Horixe baita helburua, merezitako omenaldi xume bezain sentikorra egitea, iaz gure artetik joan zen Dominika Agergarairi. Larunbat honetan, urtarrilaren 23an izango da, Nafartarrak taldekoek iluntzeko 19:00etan Sutegiko auditorioan antolaturiko ekitaldian. Udalerri honetako herritarrak eta bere sorterriko lagunak bilduko ditu hitzorduak. Iraila amaieran Kilometroak 15 ekimenaren alde ospaturiko kantu-jira berezian, gure artean izan genuen hirukotea bueltan dator; Mixel Etxekopar, Jean Mixel Bedaxagar, Sacha Standen. Zuberoan kultur erreferente diren lagun gehiago ere espero dira Sutegin; Jean Bordaxar, Robert Larrandaburu, Jean-Pierre Luro edota Jean-Noël Pinque.

Eta usurbildarrak baita. Bertaratu asmo duzuen guztiokin batera, kultur etxeko oholtza gainean bertso eta dantza saiorik ez da faltako. Baita, momentuz, antolatzaileek ekitaldi egunera arte gorde nahi dituzten sorpresa gehiago ere. Joseba Berriozabalek aurkeztuko duen ekitaldirako sarrera doakoa izango da. Omenaldirako sarbidea, ordu erdi lehenago irekiko dute.

Ibilbide emankorra

Astebete barru Sutegin omenduko den Dominika Agergarairen ibilbidea laburtzea zinez zaila da. Zaila, oso emankorra izan baita, Nafartarrak taldetik gogorarazi digutenez. Euskaltzalea zen, ikastolen mugimenduan inplikatua zegoena. Sohütakoa sortu aurretik, Mauleko ikastolako arduraduna. Ipar Euskal Herrian kultur erreferentea bilakatu den Musikaren Eguneko eragilea. “Auzolanean, herritik sortutako kultur horren aldekoa”, omenaldiko antolatzaileen esanetan.

Musikaz ari garela, kantaria baita. “Kanturako oso errepertorio aberatsa zuen”, gaineratu digute. Eta horren lekuko izan dira urteotan, Euskal Herri osoan zehar, han eta hemen eskaini izan dituen kantaldietara gerturatu diren lagunak. Kultur erreferentea soilik ez, kirolzalea ere bazen Dominika; pilotazalea. Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuko militantea baita. “Beti defendatu izan du hango baserritar moldea”, ongi ezagutzen zuten Usurbilgo lagunek diotenez.

Eta zer esanik ez, Euskal Herriko herrien arteko loturak sendotzeko egin duen ahalegina ikaragarria izan da. “Berak zuen indar horrek eraman zuen Euskal Herriko leku askotako jendea ezagutzera, bere esperientziak partekatzera, hemengo esperientziak jasotzera”, diote Nafartarrak taldetik.

"Zuberoako ateak ireki zizkigun"

Ezagutu zituenen artean, usurbildar eta aginagarrak daude. Duela 20 bat urte izan zen. “Zuberoa ezagutzen hasi ginen, hango berri izan nahian. Han ezagutu genuen Dominika. Zuberoako ateak ireki zizkigun”, Nafartarrak taldetik oroitzen dutenez. Ordutik, bizirik, sendotzen eta sakontzen joan da zuberotar eta usurbildarren arteko hartuemana. Hor dago, besteak beste, hainbat urtez Sohutako ikastolaren alde eginiko lan itzela. “Sohutako proiektua martxan jarri eta laguntzen hasi ginen, orduko udal ordezkaritza, brigada eta herritar talde bat”, gogorarazi digute Nafartarrak taldetik. Aipatzekoak baita, azken urteotan Usurbilen bideratu diren elkartasun kanpainak, Musikaren Egunean izandako parte hartzea, edota azaroa hasieran Seaskako integrazio batzordea laguntzeko antolatu ohi duten afaria.

Etengabeko elkartruke eta elkarlana sustatu da bi aldeetatik. Usurbildarrak Zuberoan izan dira laguntzen, “Usurbilgo jende dezente gara handik pasa garenak”, baina zuberotarrei gure artera etortzeko gonbita luzatu zaienean, ahal duten guztietan etorri izan dira. Estimatua dute Urdaira sagardotegira egiten duten bisita. Kantu afari bat baino gehiagotan parte hartu izan dute. Eta denboran atzera eginez gero, gogoan izango duzue, bi maskarada ere ospatu zirela Usurbilen. Parte hartzaileen artean zen, usurbildarrei Zuberoako ateak ireki zizkien Dominika Agergarai. “Beti aipatu izan du, plazer bat izan zela maskarada Usurbilgo herritarrekin partekatzea”, adierazi digute. Hartueman guztiotan Dominika giltzarria izan zen. Eta urtarrilaren 23an omenaldi sentikor batekin eskertuko diote ziur, bizi osoan egindako ekarpen aberatsa.