Energiaren azoka larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko urt. 25a, 12:14

Usurbilgo Udalak, Lanbide Eskolarekin, Zubigune Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Energiaren Azoka antolatu du larunbaterako, urtarrilaren 30erako, 10:00-14:00 artean, Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian ospatuko da. Energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoari buruzkoa izango den azokak, informazioa jaso eta kontzientziatzeko gunea izan nahi du.

"Energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa gai hartuta eduki desberdineko postuak egongo dira. Eraginkortasun energetikoaren kultura eta energia garbien erabilera hedatzeko asmoz bertan hainbat gailu (berotze sistemak, kotxe elektrikoa, elektrizitate kontsumo neurgailuak, isolatzaile termikoak, bizikleta elektrikoak etab..) erakusgai egongo dira. Era berean, etxeko faktura ulertzeko azalpenak ere emango dira", Usurbilgo Udalak berri eman duenez.

Haurrentzako gune hezigarria

Energia aurreztera bideraturiko sistemak erakusgai jarriko dituzte, eta eremu honetan adituak izan direnen eskutik behar beste argibide jasotzeko aukera izango dute heldu nahiz haurrek. Txikiei zuzenduriko txoko parte hartzailea ere izango baita; margotuz, euren alderdi sortzailea landu ahalko dute. Energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoei buruzko ereduen artean marrazki bat hautatu eta koloreztatzeko aukera izango dute.

Marrazkiok ikusgai jarriko dituzte gero eta azoka amaieran, 13:00ak aldera, energia bidezko jostailuen zozketa egingo da. Lanbide Eskolatik adierazi dutenez, "jakitun gara zer nolako garrantzia duen energia kontsumoen inguruko ohiturak irakasteak. Gurea baino kontzientziatuagoa egongo den belaunaldia behar dugu". Horretarako belaunaldi berria heztea ezinbestekotzat jotzen dute.

Azokako osagaiak

Hurrengo asteko azoka barruan nabarmendu beharreko beste hitzordu interesgarri bat; hilero ordaindu behar izaten ditugun fakturen ingurukoa. 12:00etan Sutegiko erakustaretoan etxeko kontsumoen fakturaren inguruko azalpenak eskainiko dira hitzaldi batean.

Lanbide Eskolak landutako teknologia kalera aterako du azoka honen bidez. Herritarren eskuragarri jarri nahi ditu, garatu eta muntatu dituen sistemak. Lanbide Eskolako irakasle eta ikasleak egongo dira postuetan. Guneotan aurkitu ahalko duzuena, besteak beste:

-Ibilgailu elektrikoak.

-Jostailu hezigarriak.

-Eguzki energia termikoaren bidezko beroketa sistemak.

-Etxeko kontsumoen berri: tartean, argi tarifikazio berriaren inguruko zehaztasunak.

-Argiteria eraginkorra.

-Pellet eta biomasa galdarak...